Horren aitzinetik, ordea, Bilbon jokatuko dute azken finalaurrekoa larunbatean. Bertan eskualdeko bi bertsolari ariko dira kantuan: Joanes Illarregi leitzarra, eta azken urteetan Saran bizi den Amets Arzallus hendaiarra. Horiekin batera ariko dira kantuan Aitor Mendiluze, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Saioa Alkaiza. Idoia Anzorandiak eginen ditu gai jartzaile lanak.
Bertsolariek 14 bertso puntuagarri kantatu beharko dituzte, lehen fasean baino bertso bat guttiago:
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Ganbarako lana: banaka, lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian eta gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Ondotik, lehen faseko puntuazioa gehituko zaio bertsolari bakoitzak Bilbon lortutako puntuazioari. Joanes Illarregik 711 puntu lortu zituen lehen fasean Elizondon jokatutako saioan, eta laugarren bertsolaririk puntuatuena izan zen sailkapen nagusian. Amets Arzallusek aldiz 688 puntu lortu zituen Donibane Garaziko saioan, eta zazpigarren bertsolaririk puntuatuena izan zen. Biek ala biek dute Iruñeko finalerako sailakatzeko aukera.
Bigarren itzuliko lehenengo bi saioak jokatuta horrela dago sailkapena: