Bilakaera horren gibelean egon daitezkeen arrazoietan begiratzen hasi baino lehen, ikus dezagun zein den argazkia (ikusi maparen gainean klikatuta herri bakoitzeko kopuruak):
Datuen iturburua
Saretzen egitasmoaren barnean, gure lurraldeko populazioaren bilakaera aztertu du Ttipi-Ttapak. Eta lehendabiziko erronka datuen eskuratzea izan da. Oraingoz ezinezkoa zaigu Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako datuak estatistika parametro berdinetara ekartzea. Nafarroako datuak Nastat Nafarroako Estatistika Erakundetik bildu ditugu baina, zoritxarrez, oraingoz ezin ditugu datu horiek guztiak bildu Lapurdiko herriei buruz. Hemen erakusten ditugun datu bakanak Gaindegiatik bildu ditugu.
Mapan gorriz pintatutako herriak
Ttipi-Ttapak hartzen duen eremuko 27 udalerrietatik 15etan urritu da biztanleria azken hogei urteotan, eta batzuetan nabarmen gainera: Ezkurra (-% 39), Beintza-Labaien (-% 26), Goizueta (-% 24), Saldias (-% 23), Arano (-%21), Eratsun (-% 17) eta Urroz (-% 11). Maila apalagoan bada ere, bide bera hartua dute Oizek (-% 9), Zugarramurdik (-% 9), Bertizaranak (-% 8), Urdazubik (-% 7), Arantzak (-% 6), Aresok (-% 4), Sunbillak (-% 3) eta Igantzik (-% 2).
Mapan berdez pintatutako herriak
Demografia datuetan Saran, Senperen, Donezteben eta Donamarian izan duten hazkundetik urruti daude goiti egin duten gainerako udalerriak. Iturenen % 9 hazi da biztanleria azken hogei urteotan, Beran % 6, Etxalarren % 4, Baztanen % 3, Elgorriagan % 3, Leitzan % 3, Lesakan % 3 eta Zubietan % 2.
Joerak eta erritmoak
Hogei urteotako datuei (2001 vs 2021) erreparatuta, biztanleriak goiti egin du oro har; % 12 igo da zehatz errateko. Bereziki, Lapurdin Senperek eta Sarak izan duten igoera nabarmenaren ondorioz gertatu da hori. Duela hogei urteko kopuruak eta oraingoak alderatuta, Senperen % 68 hazi da biztanleria eta Saran % 24. Nafarroako aldean, berriz, igoerarik handiena, diferentziarekin, Donezteben (+% 30) eta Donamarian (+% 15) gertatu da. Bertze udalerri gehienetako datuak, aldiz, hagitz bertzelakoak dira.
Alabaina, azkeneko hamarkadan joera aldatzen ari dela ematen du eta kasu batzuetan erritmo bizian gainera. Senperek eta Sarak hazten segitzen dute baina, gainerako eremuetan, joera nagusia kontrakoa da. Are gehiago. Baztanen 2009an izan zuten biztanle kopururik altuena (8.127 biztanle) eta geroztik urte batzuetan behera egin ondotik, orain jausteari utzi dio. Bortzerrietan 2013an jo zen goia (8.703 biztanle) eta geroztik pixka bat jautsi da biztanleria. Leitzaldea-Urumealdean ere beheranzko joera da orohar, Leitzan izan ezik. Leitzak goranzko joera du azkeneko urteotan baina ez da horrela gertatzen gainerako hiru herrietan. Malerreka-Bertizaranan ere antzeko fenomenoa gertatzen da, batez ere Doneztebek duen hazkundeari esker. Biztanle kopururik handiena 2010-2011 urteetan izan zuten (5.509 biztanle). Eta azkenik, Urdazubi-Zugarramurdiko joera ere beheranzkoa da emeki-emeki. Xaretako bi herri hauen kasuan, biztanle kopururik handiena 2016an izan zuten (636 biztanle bi heerrien artean).