Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuak aste honetan jakinarazi du laster 1,7 milioi euroko bi laguntza-deialdi eginen dituela toki-erakundeentzat, «despopulazioa arintzeko ekintzak eta inbertsioak bultzatzeko». Zehazki, «udal zerbitzu publikoak hobetzen edota handitzen lagunduko duten dirulaguntzak» iragarri ditu. Despopulatzeko arriskua duten Nafarroako 132 udalerrik izanen dute dirulaguntza eskatzeko aukera eta jarduerak 2021eko azaroaren 15erako egin beharko dira.
Ikerketa
Horrekin batera, Nafarroako udalerrien despopulatzeari buruz egin duen azken ikerketaren berri eman du. Biztanleriaren dentsitatea eta azken 30 urteotan (1989tik 2019ra) biztanleriak izan duen galera hartu ditu kontuan horretarako. Eskualdeari erreparatuz, hauxe ondorioztatu du:
- Despopulatzeko muturreko arriskua duten eskualdeko udalerriak lau dira: Goizueta, Ezkurra, Eratsun eta Beintza-Labaien.
- Despopulatzeko arrisku nabarmena duena Arano da.
- Despopulatzeko arrisku handia dutenak eskualdeko bederatzi udalerri dira: Arantza, Areso, Baztan, Bertizarana, Etxalar, Oiz, Urroz, Saldias eta Zubieta.
- Populazioaren gainbehera handiarekin hiru udalerri daude: Elgorriaga, Urdazubi eta Zugarramurdi.
- Populazioaren gainbehera ertaina bertze hiru udalerrik dute: Leitza, Lesaka eta Sunbilla.