N-121-A

Epaileak 5 urteko kartzela zigorra agindu du 2020ko urtarrilean Olaguen bi hildako eragin zituen gidariarendako

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 18a, 15:30

Epaiak zehazten duenez, ezbeharra gertatu zen gidariaren «anfetamina-kontsumo handiagatik», «neke egoeragatik» eta gidatzen ari zen bitartean WhatsApp-a erabiltzeagatik. Istripu hartan hil ziren Xabier Taberna Telletxea igantziarra eta Mikel Manzano Altuna donostiarra. Epaiaren aurka errekurtsoa aurkez daiteke Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salan.

Nafarroako Auzitegiko Bigarren Sekzioak 5 urte eta egun bateko kartzela-zigorra ezarri dio auzipetutako gidariari, kontsumitutako drogen eraginpean, 2020ko urtarrilean istripu bat eragin zuelako N-121-A errepidean, Olague parean. Istripu hartan bi pertsona hil ziren eta bertze hiru zauritu.
 
Epaiketaren baino lehen, auziperatuaren aseguruak heriotzengatiko kalte-ordainak ordaindu zituen. Orain, epaiaren ondotik, Auzitegiak ezartzen du erruztatuak zenbateko hauek ordainduko dituela: hildakoetako baten anaiari 5.220,75 €; bertze kaltetu bati 93.973,52 € oinarrizko kalte pertsonalagatik, 417,66 € ondare-kalte pertsonalagatik, gehi bertze 14.345 € lortu gabeko irabaziagatik; eta azkenik bertze zauritu bati 2.824,47 € bizitza kalitatea galtzeagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun