Errigorako 529 saski banatuko dituzte eskualdean

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 16a, 12:00

Bat egiteko garaia da lelopean egin duten Errigorako kanpainari esker, 13.000 saski banatuko dituzte hurrengo egunetan, eta 200.000 euroko ekarpen ekonomikoa bideratuko dute Ager eskualdeko euskalgintzaren egitasmoetara, hau da, Lodosa, Tutera eta Vianako ikastoletara, AEKren euskaltegietara, eskoletan D ereduko lerroa bultzatzeko eta Agerraldia egitasmoaren baitan urte osorako agenda zabala osatzeko. Eskualdean, guztira, 529 saski banatuko dituzte. Ikusi hemen herriz herri banatuko duten saski kopurua.

HERRIA SASKI KOPURUA
Arantza 26
Areso 17
Baztan 70
Bera 71
Doneztebe 94
Goizueta 32
Igantzi 35
Leitza 140
Lesaka 44
GUZTIRA

529

Errigoraren kanpaina bukatuta, Euskaraldiaren txanda heldu da

Aste honetan egin dute Errigoraren kanpaina bukaerako ekitaldia Errigorako eta Euskaraldiko kideek. Oroitarazi nahi izan dute milaka lagunek parte hartuko dutela Euskaraldian, baina oraindik ere badela izena emateko aukera izenematea.euskaraldia.eus atarian.

Euskaltzaileen Topaguneko ordezkariek adierazi dutenez, aurten, Euskaraldiak ariketaren inguruan belarriprest eta ahobiziek izan ditzaketen erronkak ikustarazi nahi ditu. Horretarako, Zein erronka izanen duzu zuk Euskaraldiak irauten duen bitartean? galdetu nahi diete herritarrei, «gisa aunitzetako erronkak dituztelako herritarrek 15 egun hauetarako: lagun horrekin 15 egunetan euskaraz mintzatzea, saltoki berrietan lehendabiziko hitza euskaraz egitea, saltzailearekin elkarrizketa elebidunak izaten saiatzea... Aldaketa ttiki, ertain eta handiekin etorriko baita aldaketa hizkuntza ohituretan».

Horrekin batera, ahobizi edo belarriprest izanen diren guztiei egin diete eskaera: «grabatu mugikorrarekin zuen erronka, eta igo zuen sare sozialetara, @euskaraldia aipua eta #HitzezEkiteko traola erabilita.

Bertzetik, «Euskaraldiaren ikusgarritasunak garrantzia handia du ariketa egiteko unean, giroa sortu eta lasaitasuna ematen baitu euskaraz lasaiago mintzatzeko». Hala, «balkoietan, leihoetan eta erakusleihoetan banderatxoak jartzeko» deia egin dute. denda.euskaraldia.eus gunean daude salgai eta herrietako batzordeek ere salgai dituzte. Eta ikusgarritasun horrekin lotuta, ariketa egiteko hain beharrezkoa den txapa «egunero-egunero» jantzita eramateko deia egin dute, «ariketa egin edo ez egitearen aldea egon baitateke inguruan txaparik ez topatzeak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun