Ehiza Jardunaldi Gastronomikoek 30 urte beteko dituzte aurten

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 13a, 14:00
Fausto Prieto (Errotazar); Oskar Martinez (Tresanea); Ruben Garate (Olari); Belen Urrutia (Elbeteko posada); Carlos Leceaga (Pirineos Exdim); Koteto Ezkurra (Inurrieta) eta Lorea Luzuriaga (Donamariako Benta) aurkezpenean.

Urriaren 15etik azaroaren 30era Baztan-Bidasoaldeko hamaika jatetxetan eskainiko dute, iaz baino bi gehiagotan

Urriaren 15etik azaroaren 30era eginen dira aurten hogeita hamargarren edizioa beteko duten Baztan-Bidasoko Ehiza Jardunaldi Gastronomikoak. 30 urte ehiza eta gastronomia uztartzen. Urriaren 13an, ortzegun goizean egin dute jardunaldien aurkezpena Iturengo Tresanean.

Aurtengo edizioan hamaika jatetxek parte hartuko dute, iaz baino bi gehiagok: Bortzirietan, Arantzako Aterpe (Arantza); Burlada jatetxea (Arantza); Pablo-Enea jatetxea (Arantza); Etxalarko Herriko Ostatua (Etxalar); Malerrekan, Donamariako Benta (Donamaria) eta Tresanea jatetxea (Ituren); Baztanen Ordoki Erretegia (Arizkun); Elbeteko Posada (Elbete); Olari jatetxea (Irurita) eta Urgain jatetxea (Oronoz-Mugairi) eta Xaretan Montxo erretegia (Urdazubi).

Ehiza eskaintza zabala izanen dute: usoaz gain, basurde azpizuna oporto eta muxika saltsarekin, oreina plantxan sagar patatekin… udazkenean egonda, onddoak ez dira faltako eta akitzeko, bertako produktuekin eta esnekiekin egindako etxeko postreak.

Baztan-Bidasoko Ehiza Jardunaldiak Baztan-Bidasoa Turismo Elkarteak antolatzen ditu eta Nafarroako Gobernuak diruz laguntzen duen jarduera da. Pirineos Exdim, Bodega Inurrieta, Berako Errotazar Artisau Produktua eta Baztango Ehiza eta Arrantza Elkartea dira babesleak.

 

Menuak QR kode bakarrean

Iaz bezala, aurtengo edizioan eskuorriak era digitalean soilik argitaratu dituzte. Webgunean zintzilikatuta daude, edonork deskargatzeko moduan eta horrez gain, QR kodeak egin dituzte eskualdeko turismo bulegoetan eskaneatu ahal izateko.

Horrez gain, Baztan-Bidasoko Turismo Elkarteko sare sozialetan ere argitaratuta daude, bai eskuorria, baita QR kodea ere, Facebook, eta Instagramen. Eta nahi izanez gero, Newsletter-ean izena eman daiteke eta korreoan eskualdeko berriak eta agenda eguneratua jaso.

Aurten eutsi egin diote Ehizatu pintxoa ekimenari eta hainbat jatetxetan ehiza pintxoa dastatzeko aukera izanen da.  Pintxoa eta Inurrieta ardoa: lau euro.

 

#comecaza argazki lehiaketa

Urriaren 15etik azaroaren 13ra martxan da Ehiza Jardunaldietako VIII. argazki lehiaketa eta azaroaren 14an, www.baztan-bidasoa.com webgunean, Facebooken eta Instagramen jakinaraziko dute irabazlearen izena. Saria, bi pertsonendako otordua 2022ko Ehiza Jardunaldi Gastronomikoen baitan eta datorren edizioko kartelaren eta eskuorrien irudia izatea. Aurtengo kartel eta gainontzeko euskarrietan agertzen den irudia, iazko argazki irabazlea da, Ramon Garcia de Cortazarrek ateria.

Ramon Garcia de Cortazarrek ateria da aurtengo kartelean eta gainontzeko euskarrietan agertzen den irudia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun