Arcelor Mittalek joan den astean aurkeztu zien aldi baterako lan erregulazioa indarrean sartzeko proposamena sindikatuei. Estatu espainiarrean dituen lantegi guztietan 2023ko abenduaren 31ra arte sartu nahi du indarrean lan erregulazioa, eta tartean, Legasako eta Lesakako lantegiei eraginen lieke. Produkzioari lotutako arazoekin lotu du enpresak erregulazio espedientea eta argudioen artean, bertzeak bertze, Ukrainako gerra, eskariaren beherakada, energia gastua eta Europako Batasunetik kanpoko herrialdeen inportazioen igoera aipatu ditu.
Aldi baterako erregulazio espedientea negoziazio batzordean negoziatzekoa dute orain, eta negoziazio batzorde horretan ELA, LAB, UGT, CCOO eta USO sindikatuak daude. Hain zuzen, LAB sindikatuak azken egunotan egin dituzten bileretan enpresak izan duen jarrera salatu du: «Herenegun eta atzo kontsulta epeko bileretan alde sozialeko ordezkariok hainbat dokumentazio ekonomiko eskatu genizkion Arcelorri. Enpresak dokumentazio hori ez du erraztu eta bi egunetan bere harridura adierazi du aldi baterako lan erregulazio espediente produktibo batean informazio ekonomikoa eskatzea ez duela ulertzen erranez».
LABek garbi du «Arcelorrek aurkeztutako lan erregulazio espekulatiboan enpresaren egoera ekonomikoak izugarrizko garrantzia duela, bere planteamendua altzairu eta argindarraren prezioen igoera koiunturaletan oinarritzen delako». Sindikatu abertzalea «ziur» dago «dituzten irabazi ekonomiko basatiak nahikoak direla horiek asumitzeko eta ez dela inongo beharrik langileak prekaritatera bideratzeko».
Kontatu duenez, «aipatutako eskaerei ihes egiteko nahian, enpresak aipatu du soldatak % 75 bitarte konpentsatzeko prest dagoela». Sindikatuen ustez, ordea, «edozein planteamendu egin baino lehen eskatutako informazioa ematea ezinbertzekoa da».
Negoziazio mahaia heldu den astean bilduko da berriz, ortzegunean eta ortziralean, eta LABek espero du «ordurako alde sozialaren eskaerak kontuan hartu izana».