Produkzioari lotutako arazoekin lotu du enpresak erregulazio espedientea eta argudioen artean, bertzeak bertze, Ukrainako gerra, eskariaren beherakada, energia gastua eta Europako Batasunetik kanpoko herrialdeen inportazioen igoera aipatu ditu.
Aldi baterako erregulazio espedientea negoziazio batzordean negoziatuko dute, eta negoziazio batzorde horretan ELA, LAB, UGT, CCOO eta USO sindikatuek parte hartuko dute.
Sindikatuen adierazpenak
ELA eta LAB sindikatuek adierazpenak egin dituzte proposamenaren harira. Biek adierazi dute, 2021a Arcelor Mittalentzat urte ona izan dela, «13.000 milioi euroko etekinak izan ditu, eta gaur egun badu lan karga». Horrez gain, LABek «2022ko lehendabiziko hilabeteetan irabazietan errekorrak» izan dituela gaineratu du. Horregatik uste du «halako irabaziak izan dituen enpresa batek urte bat baino gehiago luzatuko zen ABEE baten erabilera mahaiaren gainean jartzea lotsagarria baino gehiago da. Bertze behin, lantegi bakoitzeko errealitatea kontuan hartzetik urruti, estatu mailako negoziaketa bat da planteatu dutena». ELAren irudiko, berriz, «proposamena neurriz kanpokoa» da.
Akordioen negoziazioetan enpresak erakutsi duen «jarrera itxia» salatu du ELAk, eta horrekin batera, «2020an Espainiako Auzitegi Nazionalak baliogabetzat jotako aldi baterako lan erregulazioagatik langile bakoitzari zor dizkion zenbatekoak ez dela ordaintzen ari» gaineratu du: «Zuzendaritzak komeni zaionean bakarrik aplikatzen du legea». Azken urteotan «hainbat aldi baterako erregulazio espediente» aurkeztu dituela ere kritikatu du, «inolako justifikaziorik gabe eta maiz legalitatea urratuz. Arcelor Mittalek malgutasunerako tresna gisa erabili nahi ditu ABEEak».
LABek salatu duenez, «aldi baterako erregulazio espedienteen erabilera mota hau ez zen egin ahal izanen lan erreforma eta erreformaren erreforma kaxkarrei esker izanen ez balitz, UGT eta CCOOk modu triunfalistan saldu zutena». Eta egoera horretan, LABek «garbi» utzi nahi izan du «ez garela joko horretan sartuko. Langileok ez gara enpresaren tresnak, ez gaituzte erabiltzen ahal nahi dutenean altzairuaren edota energiaren prezioaren arabera, are guttiago, urtez urtez errekorrak hautsiz onura ekonomikoak pilatzen ari direnean». Hori horrela, «aski dela errateko garaia» dela nabarmendu du sindikatu abertzaleak: «Ez dugu onartuko bertze behin langileokin espekulatzea, eta horretarako gure eskuetan dauden tresna guztiak baliatuko ditugu».