Fiskaltzaren akusazio-idazkiaren arabera, istripuaren bezperan auzipetuak anfetaminak kontsumitu zituen eta apenas egin zuen lorik. Istripuaren eguneko goizean, Lizoain-Arriasgoititik (Nafarroa) Hondarribira joan zen eta han arrantzan eman zuen egun osoa, eta berriz ere anfetaminak kontsumitu zituen. Bueltatzerakoan Iruñe aldera, fiskalak dio akusatuak «modu irregularrean gidatzen» zuela bere ibilgailua, eta istripu hilgarria eragin baino lehen, Arraizko Benten parean, lehenik eskuineko bazterbidea eta ondotik ezkerrekoa inbaditu zituela, atzetik zihoan lekuko baten arabera.
Zauritu ugari
Ministerio Publikoak dioenaren arabera, Olague parean akusatuak kontrako erreian sartu zen, eta bi hildakoak zihoazen ibilgailuarekin egin zuen talka. Kolpearen ondorioz, bi gazteak tokian bertan hil ziren eta autoan zihoan hirugarren pertsona bat zauritua gertatu zen. Bertze hiru pertsona ere zauritu ziren istripu hartan; izan ere, hildakoak zihoazen BMW autoak erremolkean zeraman karga galdu eta kontrako erreian sartu baitzen, Iruñeko noranzkoan zihoan kamioi artikulatu baten aurka talka eginez.