0-3 Plataformak grebarekin segitzea erabaki du

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 21a, 09:30

Gobernutik jasotako eskaintza «ez nahikoa eta iraingarria dela» adierazi dute

51. greba eguna dute gaur Nafarroako Haur Eskoletako langileek eta grebarekin segitzeko asmoa dutela adierazi zuten atzo egindako agerraldian. Joan den astean Nafarroako Gobernutik jasotako eskaintza «ez nahikoa eta iraingarria» dela adierazi dute eta helburu bakarra «greba bertan behera uztea» duela, «ez zikloa behingoan duintzea».

Gainera, PSNk legegintzaldian egindako jarduerak argitaratu ditu eta plataformako kideek kontrako argudioak eman dituzte:

  • Doakotasuna 20.000 eurotik beherako errententzat. «Ziklo osoaren doakotasuna eskatzen jarraitzen dugu; izan ere, nahiz eta doako kuotak egon, gainerakoak garestiak eta elitistak izaten jarraitzen dute, hezkuntza ziklo publikoa izanik, eta familiak diskriminatzen ditu, bizilekuaren arabera».
  • Udalen finantzaketa-ehunekoa murriztea. «Gobernuak badaki, guk dakigun bezala, toki administrazioei dagokien % 24ko portzentai hori ez datorrela bat benetako gastuarekin».
  • Garbiketako langileen soldata igoera. «Legea urratzen ari zirelako egin zuten, ez beste arrazoiengatik».
  • Ekainaren 1eko 61/2022 Dekretua onartzea. «Haur eskola publikoen sektorea kontuan hartu gabe egin da, besteak beste, ez gaudelako inongo hezkuntza estamentutan ordezkatuta, eta, gainera, arriskuan jartzen ditu Nafarroan indarrean dauden hezkuntza proiektuak».
  • 0-3 Zerbitzua sortzea. «Zerbitzuak 300.000 euroko gastua eragin du bere sorreran, hiru burutzei dagozkien soldatekin, eta kostu horrek ez du inolako eraginik izan eskolen funtzionamenduan ezta aholkularitzan».
  • Eskubide Sozialetako Departamentuarenpean dauden haur eskolak hezkuntza departamentuak berehala bere gain hartzea. «'Berehala' hori 7 urtez luzatu da.

Honez gain, jakinarazi dute «azken proposamena aplikatuz gero, PSN 15 milioi eta erdira iritsi bada, langileek hasitako borrokagatik izan da, eta ez ziklo duin baten aldeko apustuagatik». Gaineram, «Nafarroako Gobernuaren proposamenaren arabera, haur eskola publikoen % 23ak ez dute laguntza langileak kontratatzeko ezer jasoko, PSNk sare sozialetan harrotasunez argitaratutakoan aipatzen ez dena». Azkenik, «proposatutako soldata igoerak ez ditu jasotzen erantzukizun, pedagogiko eta prestakuntza osagarriak, ezta antzinatasuna bere gain hartzen ere, eskubide bat izanik, finantzaketa moduluetan jasotzen ez dena». Arrazoi hauengatik erabaki dute grebarekin segitzea.

Gimeno kontseilariak «Nafarroako Gobernuaren proposamena eta ahalegina aintzat hartzeko» eskatu die eta greba bertan behera uzteak «lana, komunikazioa eta adostasuna asko erraztuko lituzkeela» adierazi du. Honen kontra, plataformak oroitarazi du «greba mugagabea hasi dugunean hasi dela lanean Nafarroako Gobernua» eta eskatzen ari diren ez dela berria; «duela urte asko bulegoetan eskatzen egon garen gauza berbera da».

Gainera, 0-3ko koordinazio organoan «gonbidatu gisa parte hartzeak» eta «erabakiak jakinarazteko astez aste itxaron behar izateak» ez duela gatazka konpontzea errazten gehitu dute. «Argi dago egoera luzatu nahi dutela moduluaren zati bat aurrezteko eta ekonomikoki itotzen gaituztela ikusteko. Gure sektorea produkzio sektore bat balitz, ez zuten denboran hainbeste luzatzen utziko. Tristeena, eskatzen ari garena soldata igoera sinple batetik haratago doala ulertzeko gai ez direla ikustea da».

Akitzeko, «dirua badagoela» nabarmendu dute, «guk badakigu eta klase politikoak ere. Negoziaziorako borondatea eta benetako konpromisoa falta dira». Gobernuaren proposamena «ez dela nahikoa eta diskriminatzailea dela» gehitu dute; «0-3 zikloa hobetzeko proposamen guztiak eskola, langile eta haur guztientzat, egiturazkoak eta bidezkoak izatea eskatzen dugu. Ezinbestekoa da 0-3a hobetzeko jarduerak eta proposamenak egutegian jartzea, epe labur eta ertainari begira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun