0-3 Plataformak astelehenean jakinaraziko du grebarekin segituko duten edo ez

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 17a, 16:00
Negoziazio-mahairen ondotik langileek bilkura egin zuten egoera baloratzeko.

Ekainaren 15ean negoziazio-mahaian bildu zen plataforma Udal Federazioarekin eta Hezkuntza Departamentuarekin eta jasotako proposamena baloratuko dute orain

48. greba eguna dute gaur Haur Eskoletako langileek eta Gobernuarekin negoziatzen segitzen dute. Asteazkenero bildu dira negoziazio-mahaian Udal Federazioarekin eta Hezkuntza Departamentuarekin eta aste honetan proposamen bat jaso dute azkenean. Kristina Goñik, Baztan Haur Eskolako zuzendari eta negoziazio-mahaiko kide denak adierazi duenez, «soldaten igoera eta Covid errefortzua mantentzea proposatu digute. Soldatarena keinu bat da, baina guk beti aldarrikatu ditugu bi gauza: soldaten igoera eta ratioen jaitsiera edo langileriaren bikoiztea. Pixka bat dezepzionatuak gelditu gara ez dutelako bigarrena kontuan hartu, arras garrantzitsua baita. Proposamena guttiegi da guretako, arras ekonomizista da eta haurtzaroa alde batera uzten du».

Atzo batzar orokorra egin zuten langile guziekin proposamena baloratzeko eta zer eginen duten erabakitzeko. Iragarri dutenez, astelehenean prentsaurreko bat eginen dute hartutako erabakia zein den adierazteko eta grebarekin segituko duten edo ez jakinarazteko.

Elkarretaratzeak parlamentuan

Proposamena «guttiegi» delakoan, plataformak aldarrikapenekin segitu du aste honetan Iruñean. Atzo elkarretaratzeak egin zituzten Parlamentuaren aitzinean 8:30ean, 13:00etan eta 16:00etan. Gainera, zapi horiak paratu dituzte hiriburuko hainbat monumentutan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun