Ekainaren 23an paratuko dituzte salgai Euskal herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko sarrerak

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 17a, 17:00

Uda bukatzearekin bat, irailean hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Heldu den asteazkenean, ekainaren 22an aurkeztuko dituzte txapelketaren nondik norakoak, eta asteazkenetik aitzinera saio guztietarako sarrerak erosteko aukera izanen da. 

Sarreren salmetan 09:00etan hasiko da ortzegunean, ekainaren 23an www.bertsosarrerak.eus atarian.Txapelketa osoko saioetarako sarrerak eskuratu ahal izango dira, bazkide, ez-bazkide eta gazte salneurriak bereiziz (gazteen sarrera 2004tik aurrera jaiotakoek baliatu ahal izango dute, urte honetakoak barne, eta 6 urtetik beherako haurrek ez dute sarrerarik beharko, baldin eta ez badute eserlekurik beteko). Erosketa online egiteko zailtasunak dituztenei laguntza emango zaie Bertsozale Elkarteetan, batez ere arrakala digitala saihesteko.

Nafarroako Bertsozale Elkartean, gainera, finalerako sarrera fisikoak eskudirutan erosteko aukera izango da ekainaren 23tik 30era: zerbitzu hau 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 bitarte eskainiko da aipatutako egun horietan.

Gainerako saioetarako sarrerak fisikoki erosteko aukera ere izango da irailetik aitzinera, baldin eta lehenago amaitzen ez badira. Aitzinerago zehaztuko da zeintzuk izanen diren salmenta puntu horiek.  

Behin sarrera erosita, ezingo da aldatu eta ezta itzuli ere.

Finalerako sarrerak bazkideentzat

Ekainaren 23tik 30eta arte Bertsozale Elkarteko bazkideek bermatuta izanen dute finalerako sarrera. Behin epe hori pasata, gainerako zaleen lehentasun bera izango duzue finalerako sarrera eskuratzeko. Horrez gain, txapelketa guztiko sarrerak prezio hobean eskuratzeko aukera ere izanen dute. 

Finalerako sarrera motak

Finalerako sarrera erosterakoan Bertsozale Elkarteak azaldu du hiru sarrera mota ezberdin izanen direla eskuragai: harmaila, errebotea eta pista. Sarrera mota guztiek salneurri bera dute, baina taldean joanez gero, kide guztiek sarrera mota bera hartu behar dute elkarrekin esertzeko. Izan ere, sarrera mota bakoitzak sarbide jakin bat du, eta behin barrura sartuta ez da batekoak eta bertzekoak elkartzeko modurik izango.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun