Nafarroako Konponketa Tailerren hitzarmenak bizi duen blokeoa eta utzikeria salatu du LABek

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 5a, 12:00

LABeko ordezkariak ortziralean Iruñean, Konponketen Tailerren hitzarmenak bizi duen blokeoa eta utzikeria salatzen.

Badira hiru urte baino gehiago Nafarroako Konponketa Tailerren hitzarmenaren negoziazioak ez duela aitzinatze nabarmenik. Hori dela eta, hitzarmen horrek bizi duen blokeoa eta utzikeria salatu zuen LAB sindikatuak ortziralean Iruñean eman zuen prentsaurrekoan. 3.000 langile inguru daude Nafarroan konponketa tailerretan, baina lan zentro anitzetan daude sakabanaturik eta horrek lan baldintza duinen aldeko borroka zailtzen du.

LABeko Industria federazioko arduradun Asier Calderonek eta Oskar Hernandez sektoreko delegatuak ―eta negoziazio mahaiko kideak― hartu zuten parte prentsaurrekoan eta azaldu zuten Konponketa Tailerren sektoreak, Industriako bertze sektore batzuekin alderatuta, ez dituela bereziki lan baldintza onak eta ekintza sindikal bateratua egiteko zailtasunak dituela.

«Horregatik, negoziazio mahaia osatzen dugun alderdiok, patronalak zein sindikatuok, erantzukizun berezia dugu, ez bakarrik sektoreari baldintza duinak emateko, baizik eta, batez ere, hitzarmena bera hiltzen ez uzteko», esplikatu zuten LABeko ordezkariek.

Konponketa Tailerren Nafarroako hitzarmena 2019. urtearen hasiera hasi ziren negoziatzen. Baina ordutik negoziazioak ez du aitzinera begin. «Negoziatzen jarraitzeko eta aitzinera egiteko borondate falta salatu behar dugu, azken bilera duela lau hilabete izan baitzen», adierazi zuten LABekoek. «Horregatik, egoera horri buelta emateko, mahaiko alderdien erantzukizunari dei egiten diogu, eta, modu berean, gainerako indar sindikalei eskatzen diegu, patronalak parametro berberetan jarraituz gero, egoera desblokeatzeko beharrezkoak izanen diren borroka-planteamenduak guztiak mahai gaineratzea, denok badakigulako hori dela kasu hauetan bide eraginkor bakarra».

Azkenik, LABeko ordezkariek erran zuten «etorkizunean, horrelako sektore sakabanatuentzat eta borroka sindikal tradizionalak aktibatzeko zailtasun handiagoak dituztenentzat, eragin esparru zabalagoko hitzarmenen bidez arautzea planteatu beharko litzateekela, borrokarako aukera gehiago emateko eta, horrela, baldintza duinagoak izateko». Kasu honetan, LABen ustez, Konponketa Tailerretako langileek industria siderometalurgikoaren hitzarmenaren barnean egon beharko lirateke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun