N-121-A

Ortzegunean hasiko dira Olabe eta Lantz arteko zatia asfaltatzen eta hilabete batez trafiko erretentzioak sortuko direla aurreikusi dute

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 31a, 19:30

Nafarroako Gobernuaren Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak jakitera eman duenez, ortzegunean, ekainaren 2an, hasiko dira Olabetik Lantzeraino doan tartea asfaltatzen. Lanek hilabete osoa iraunen dutela eta auto-ilara luzeak sortuko direla aurreikusi dute.

Lanek dirauten bitartean, txandakako mozketak eginen dituzte noranzko batean eta bertzean dabiltzan ibilgailuentzat.

Dagoeneko eginak dauden zatietan bezala, hemen ere asfaltoa bota ondotik segurtasun hesia paratuko dute zirkulazioaren bi noranzkoak bereizteko. Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko arduradunek erran dutenez, «horrek, aurrez aurre talka egiteko arriskua nabarmen murriztea ekarriko du, funtsean hori baita N-121-A errepidean dauden istripuen kausarik nagusiena».

Oronoz-Mugairi eta Sunbilla arteko zatiko obrak

Tarte horretan errepidea zabaltzeko lanak egiten ari dira gaur egun. Dagoeneko lurra mugitzen eta tarteka errepidea mozten ari dira, ur-saneamenduko hodiak, zuntz-zerbitzuak, drainatze-zerbitzuak eta antzekoak instalatzeko. Lanek irauten duten bitartean trafikoaren abiadura orduko 60 kilometrora mugatua dago eta errei bakarra erabilgarri noranzko bakoitzerako.
 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun