N-121-A

Ikusi hemen zein diren Errepideen laugarren Plan Zuzentzaileak Baztan-Bidasorako aurreikusi dituen hobekuntza-proiektuak

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 18a, 20:00

Nafarroako Errepideen laugarren Plan Zuzentzaileak 15 hobekuntza-proiektu aurreikusten ditu Baztan-Bidasorako, osotara 270 milioi euro inguruko inbertsioarekin. Horien inguruko xehetasunak eman dizkiete gaur eskualdeko alkateei Bernardo Ziriza Lurralde Kohesiorako kontseilariak eta Pedro López Herri Lan eta Azpiegituren zuzendari nagusiak. N-121-A errepidea ia osorik 2+1 bihurtzea, Belateko eta Almandozko tunel berriak egitea, Lesakako eta Dantxarineko saihesbide berriak eta Baztanberriko zubi berria dira obrarik garrantzitsuenak.

Diru gehiena N-121-A errepidea 2+1 bihurtzeko eta Belateko eta Almandozko tunel berriak egiteko

Ziriza kontseilariaren hitzetan, «erredakzio fasean dagoen IV. Plan Zuzentzaile hau 2029ra arte luzatuko da, eta obra berrietan 1.300 milioi euro baino gehiago inbertituko dira Nafarroa osoan, 250 lan inguru egiteko».
 
Gure inguruan jarduketa nagusietako bat N-121-A errepidea 2+1 bide bihurtzea izanen da. Oronoz-Mugairi eta Sunbilla arteko obrek aitzinera segitzen dute, eta 2023an akitzea aurreikusita dago. Sunbillatik Endarlatsara doan zatiko obrak ere proiektatu dira. Eraikuntza-proiektu berri bat prestatzen ari dira, bai eta Lesakako eta Berako lotunean berritzea ere.

Belateko eta Almandozko tunelen bikoizketari dagokionez, Nafarroan azken urteotan errepideen arloan eginen den obrarik handiena izanen dela uste dute gobernuko ordezkariek. «Momentu honetan, eraikuntza-proiektua bukatzen ari dira, eta 176 milioi euroko inbertsioa eskatuko du: 90,4 milioi euro Belateko tunel berrirako; 19,5 milioi euro tunel arteko zatirako; 43,3 milioi euro Almandozko tunelerako; eta bertze 22,6 milioi euro tunelak eguneratzeko». Horrela, Belateko tunel berriak larrialdietarako 5 galeria izanen ditu 500 metrotik behin, oraingo tunelari lotuak. Erdiko galerian larrialdietako ibilgailuak igaro ahal izanen dira, eta bertze lau galeriak oinez pasatzekoak izanen dira, ibilgailu arinetarako sarbidearekin. Almandozko tunela, bertzalde, oraingoa baino 160 metro luzeagoa izanen da, eta larrialdietarako bi galeria izanen ditu.

Aipatutakoaz gain, Baztan-Bidasoan bertze jarduketa batzuk ere aurreikusita daude IV. Plan Zuzentzaile honetan, hala nola Baztanberriko zubi berria egitea Elizondon eta saihesbide bana egitea Lesakan eta Dantxarinean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun