Atzo aurkeztu zuten txapelketa Leitzako Peru-Harri museoan, eta bertan izan ziren txapelketan parte hartuko duten pilotarietako batzuk, eta baita Nafarroako Pilota Federazioko ordezkariak ere.
Eskualdeko ordezkaritza ere izanen du txapelketan. Txikien torneoan Doneztebek, Baztanek, Goizuetak, Lesakak, Leitzak, eta Berak parte hartuko dute. Gazteen mailakoan, aldiz, Baztanek, Leitzak eta Doneztebek.
Txapelketa bakoitzak bere egutegia izanen du. Txikien torneoan maiatzaren 14an, 21ean eta 28an izanen dute ligaxka fasea; ondotik ekainaren 4ean eta 8an final zortzirenak eta laurdenak; erdifinalak ekainaren 18an eta finala uztailaren 2an Labriten.
Gaztetxoen txapelketan, aldiz, bi fase izanen ditu ligaxkak. Joaneko partidak maiatzaren 14an, 21ean eta 28an jokatuko dituzte, eta itzulerakoak ekainaren 4an, 11n eta 18an. Finalerdiak ekainaren 25ean izanen dira, eta finala, aldiz, uztailaren 2an Labriten.
Pilotariak aukeratzeko baldintzak ere aldatu dira aurtengoan. Herriartekoan parte hartzeko bi baldintza hauetako bat bete beharko da:, ordezkatzen duen herrian gutxienez bortz urte ematea erroldatuta, edo, pilotariak bere lehenengo kirol fitxa ordezkatzen duen herriko taldean egin izana.
Gaur abiatuko da txapelketa, eta albiste honetan ikusi daiteke eskualdeko pilotariek noiz jokatuko duten.