Paul Bilbao

«Hizkuntza Merezimenduen Dekretuak euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketen betikotzea ekarriko du»

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 4a, 14:00
Paul Bilbao erdian, atzo Iruñean egindako agerraldian.

Nafarroako Gobernua lantzen ari den Hizkuntza Merezimenduen Dekretua salatzeko, larunbaterako manifestazioa deitu du Kontseiluak Iruñean. 17:30ean aterako da protesta Antoniutti parketik. Nafarroako Gobernua azken aldian hartzen ari den «erabaki euskarofoboak» salatu ditu Paul Bilbaok. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkariak, eta herritarrei protestan parte hartzeko deia luzatu die.

Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak denontzat lelopean manifestazioa deitu du Kontseiluak Iruñean larunbaterako. Zergatik da garrantzitsua une honetan karrikara ateratzea?

Ba tamalez azken asteotan ikusten ari garelako Nafarroako instituzioetatik hartzen ari diren erabakiak eta neurriak kontrako noranzkoan doazela. Alegia, erabaki eta neurri horiek herritarrak gutxietsiko dituzte, eta gainera, eskubideei dagokionez, bi mailako herritarrak egotea ahalbidetuko dute.

Nafarroako Gobernuak onartu nahi duen Hizkuntza Merezimenduen Dekretua izan da karrikara ateratzeko arrazoi nagusia. Baina, ez da bakarra, ezta?

Bai, hasiera batean horren harira erabaki genuen manifestazioa antolatzea, baina, hor dugu besteak beste aurreko ostegunean Nafarroako Parlamentuak onartutakoa, hain zuzen ere, PAI programa eredu linguistiko bihurtzekoa hezkuntzan. Eta hori ere iruditzen zaigu beste kolpe bat dela, beste eraso bat dela berdintasunari.

Aipatu dekretuak Nafarroako administraziorako hainbat lanposturako sarbidean ez du kontuan hartuko euskara, baina, bai, aldiz Nafarroakoak ez diren bertze hizkuntza batzuk, alemana, kasu. Zein ondorio ditu horrek?

Lehenengo ondorioa sinbolikoa da. Azkenean, dekretu horrek azpimarratzen duena da Nafarroan garrantzitsuagoa dela berezkoak eta ofizialak ez diren hizkuntzak ezagutzea, saritu egiten dela ingelesa, frantsesa eta alemana jakitea, baina, euskara jakiteak ez duela inolako merezimendurik. Eta badauka ondorio garrantzitsuagoa bat, hain zuzen ere, azkenean  herritarrei zerbitzua eman beharko dieten langile horiek euskararen ezagutzarik ez dutenez, herritar euskaldunen eskubideak urratuko direla. Dekretu honek ekarriko duena izango da euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketen betikotzea.

«Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaldu behar da» 

«Erasotzat» jo duzue Nafarroako Gobernuak onartu asmo duen dekretua. Eraso horren aitzinean, zein izan behar da herritarren erantzuna?

Batetik, herritarrok gure desadostasuna agertu behar dugu. Gu pozik gaude orain arte izandako erantzunarekin, lortu dugu 1.700 herritarrek eskaerak egitea Nafarroako Gobernuari. Eta hor azpimarratu nahi dut herritar erdaldunek ere egin diotela eskaera gobernuari esanez dekretu berriak herritar guztien eskubideak kontuan hartu behar dituela. Guri, gizarte eragile garen heinean badagokigu kalea astintzea. Eta eragile politikoei ere badagokie, gutxienez, honen kontra dauden alderdiei presio handiagoa egitea.

Salatu duzue gainera, UPN gobernuan zela ere inoiz ez dela horren lege hertsirik onartu. Espero al zenuten horrelakorik?

Inondik inora ez. Iruditzen zaigu badagoela aldaketa bat. UPNren gobernua zegoenean bagenekien ze gobernu mota zen, baina, orain gutxienez saltzen digutena da hau ez dela orduko gobernua, hau kohesio sozialaren gobernua dela, hau gobernu aurrerakoia dela… Eta gure ustez gobernu aurrerakoia izatea, eta aldi berean kolektibo baten eskubideak urratuko dituen araudi bat onartzea ez da bateragarria. Euskarari dagokionez ez da gobernu aurrerakoia, eta ikusten ari gara inkluso azken erabakiak erabaki euskarafoboak direla.

Behin eta berriz nabarmendu duzue, Vascuence-aren legea dela arazoaren muina. Zein ondorio ditu gaur egun zonifikazioak Nafarroan?

Orduan zituen berdinak. Zonifikazioak ahalbidetzen du horrelako dekretuak onartu ahal izatea. Orduko zonifikazioak ezartzen du Nafarroan bi mailako herritarrak daudela; herritar batzuei hizkuntza eskubide guztiak aitortzen zaizkiela, eta besteei ez. Hizkuntza eskubideak aitortzen ez diren tokian administrazioaren borondatearen arabera hartzen dira erabakiak. Kasu honetan ohartzen ari gara instituzioek, ez daukatela inolako borondaterik. Kontua da legeak hori egitea ahalbidetzen diela. Horregatik, behin eta berriz esango dugu hemen egiturazko aldaketa bat behar dela, hemen ofizialtasuna zabaldu behar dela Nafarroan osoan, eta hemen herritar guztiei eskubide berdinak aitortu behar zaizkiela herritar bat bera ere gutxietsia ez izateko.

Euskalgintzatik ez datozen bertze gizarte eragileen babesa jaso du martxak, sindikatuena, eta tartean baita mugimendu feministarena, edota ekologistarena. Beharrezkoa da aliantza horiek sendotu eta indartzea?

Bai. Niri oso polita iruditu zitzaidan aurreko astean egin zuten agerraldia. Gutxitutako beste kolektibo batzuk daude, gizarte justuago baten alde lan egiten duten kolektiboak dira: mugimendu ekologista, feminista, pentsionistena,  LGTBI mugimendua… Oso anitza. Beraien egunerokoan zein da helburua? Gizarte justuago eta berdinzaleago bat lortzea. Beraiek esatea enpatizatzen dutela, beraiek ere euskaldunak direlako edo izan gabe ere, ikusten dutelako kolektibo bati eskubideak urratzen zaizkiola elkartasun ariketa oso inportantea da.

«PAI programa hizkuntza eredu bihurtzea euskararen kontrako beste kolpe bat da»

Euskaldunak ez direnengandik jasotako atxikimendua azpimarratu duzu. Hau da, beharbada orain arte gertatu ez dena?

Bai. Gatazka honek euskara jartzen du erdigunean, baina, guk ez dugu euskara jartzen, guk berdintasuna jartzen dugu. Iruditzen zaigu eztabaida parametro horietara eraman behar dela, bestela, euskara hitza sartzen badugu batzuek esango dute hori ez da gure arazoa, hori euskaldunen arazoa da. Eta ez, barkatu, hau bizikidetza arazo bat da. Eta gizarte guztiari eragiten dion bizikidetza arazo bat. Horregatik, behin eta berriro hitz egiten dugu berdintasunaz, kohesio sozialaz eta justiziaz.

Manifestazioaren aitzinetik herritarren hizkuntza eskubideak zapaldu dituzten kasuak salatu zituen Behatokiak duela aste batzuk. Dekretua onartuko balitz, zenbateko eragina izango luke?  Gora eginen lukete kasuek, ezta?

Bai, horrek ahalbidetuko duelako herritar euskaldunei zerbitzu egokia emanen ez dieten langileak kontratatuko dituela administrazio publikoak. Hortaz, euskaldunen hizkuntza eskubideak betikotuko dira hurrengo hamarkadetan.

Arestian aipatu duzu dekretuaren onarpena ez dela karrikara ateratzeko arrazoi bakarra. Hor dago pasa den astean Nafarroako Gobernuak PAI programa hezkuntza eredu bihurtzeko hasitako bidea. Zein ondorio izanen ditu horrek?

Hor egin behar dugun lehenengo analisia da zergatik sortu zen PAI eredua. Eta gogoratu behar dugu denok orduko gobernuko presidente Yolanda Barcinak oso  argi esan zuela Espainiako telebista batean eredu hori abian jarri zutela euskarazko hezkuntzaren zabalkundea galarazteko. Gainera, Nafarroan hasi ziren esperimentu horrekin, baina gero Valentzian eta Balear Uharteetan, kopiatu zuten eredua, eta bertan  garai hartan gobernuek hizkuntza gutxituaren kontrako politika bortitzak aurrera eramaten zituzten. Hor ikusten da intentzionalitate bat zegoela.

Zein da Nafarroan dagoen egoera?

Badago berezko hizkuntza bat,  eta berezko hizkuntza hori sustatzea dagokio gobernuari, baina, gaur egun milaka eta milaka haurrek eta gaztek ez daukate euskarari buruzko inolako noziorik. Alegia, berezko hizkuntzari buruzko inolako noziorik ez daukate. Ez dago inolako loturarik hezkuntza sistemak ez dielako inolako loturarik eskaintzen. Batetik, hor egon beharko luke gobernuaren benetako funtzioak, baina, hori egin beharrean zer egiten du? Eskubide berri bat sortzen du, ingelesa ezagutzekoa, eta hori erabiliz erabaki euskarafoboak hartzen ditu.  Hau badator berriz ere euskarazko ereduarekin lehia egitera. Eta hau politika integralean kokatu behar dugu, hizkuntza ereduarekin datoz, baina, gero, gainera, administrazioan lan egin nahi badute euskararen ezagutza ez zaie kontuan hartuko. Alegia, hau da politika integral baten beste katebegi bat. Horregatik uste dugu erabaki larria dela, berriz ere eramaten gaituela UPNk euskaldunon aurka aurrera eramaten zituen garaietara, eta horregatik dagokigu aski da esatea.

«Nafarroako Gobernua euskararen kontrako erabakiak hartzen ari da»

Dekretua, PAI… Euskararen kontrako «ofentsiba» bat etor daitekeenaren beldur zarete?

Ari da. Eta nik uste dut hemen ere kalkulu elektoralak egiten ari dela PSN. Hurrengo urtean hauteskundeak izango dira, eta ikusi dugu dekretuarekin hiru urte daramatzate, eta PAIrena bi astetan garbitu dute. Beraiek erabakitzen dute ze abiadura erabili. Guk kezka handiz ikusten dugu, azken finean ikusten dugulako euskararen gaian UPNrekin lerratzen dela, eta ikusi dugu legegintzaldian zehar zer gertatu den. Horregatik eskatzen diegu beste alderdiei presio handiagoa egiteko. Beste alderdiak ditu teorian gobernukide eta bidelagun.  

Zein izan behar dira Kontseilu gisa, zein herritar gisa egin beharreko hurrengo urratsak?

Guk jarraitu behar dugu euskaraz bizitzeko nahi hori harrotasunez erakusten; jarraitu behar dugu nahiz eta legeak eskubide hori aitortzen ez digun euskaraz zerbitzuak exijitzen, ez kapritxoa delako, baizik eta gure eskubidea delako; jarraitu behar dugu kaleak betetzen; jarraitu behar dugu erakusten herri gogo indartsu eta zoriontsu bat dagoela Nafarroan. Korrikak Nafarroa zeharkatu zenean ikusi zen hemen badagoela euskaraz bizi nahi duen komunitate bizi eta alai bat. Hori horrela da. Egoera ez da guk nahiko genukeena, baina, egia da azken hamarkadetan urratsak egin direla, eta  hori guztia izan da komunitateari esker, gizarte eragileei esker, oro har egindako lanari esker. Irribarrea ahoan, baina, euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatuz eta defendatuz.

Aipatu nahiko zenukeen bertzerik?

Oso garrantzitsua da larunbatean desadostasuna erakustea. Garrantzitsua da larunbatean komunitatea alaitasunez eta pozik kalera ateratzea, baina, irmo defendatuz ez dugula herritarrak gutxiesterik nahi eta guztiontzako eskubideak aldarrikatu nahi ditugula.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun