Nafarroako euskaldunen eskubideen aldeko manifestazioa eginen dute maiatzaren 7an Iruñean

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 28a, 11:00

Euskalgintzaren Kontseiluak deitu du manifestazioa eta Nafarroako hainbat eragilek bat egin dute deialdiarekin

«Nafarroan euskal hiztunek pairatzen duten egiturazko bereizkeria» salatu du Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen normalizazioan diharduen gizarte erakundeen bilguneak. Atzo Iruñean egindako agerraldian erakundeak eta hainbat eragilek 'Eskubideak guztiontzat' manifestua aurkeztu zuten.

Manifestuari hainbat eremutan lan egiten duten elkarteetako ordezkariek agertu diote atxikimendua: Auzoak Iruñeko jai batzordeen plataformak, Geltoki ekonomia sozial eta solidariorako proiektuak, Saharako Kabiak elkarteak, Teatrolari antzerki eskolak, ONEKA emakume pentsionisten plataformak, Mugitu! mugimendu ekologistak, Nafarroako Neska* Gazteek, Nafarroako Bilgune Feministak, Orreaga fundazioak eta Nafarroako Ernaik. Manifestu osoa irakurtzeko egin klik hemen.

Adierazpenean, euskal hiztunek pairatzen duten bereizkeria salatzeaz gain, Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7an Iruñean deitu duen manifestazioarekin bat egitera deitu dituzte herritarrak eta gizarte eragileak. Izan ere, «hainbat eremu eta esparrutan egoera gutxituan dauden herritarrak gutxiestearen aurka eta berdintasunaren alde egiteak eraman ditu honako adierazpena adostera, hizkuntzaren esparruan ere, ez dutelako herritarrak gutxiesterik nahi». Manifestazioa Antoniutti parketik abiatuko da 17:30ean.

Manifestuarekin bat egin nahi duten elkarte eta gizarte eragileek nafarroa@kontseilua.eus helbidera idatzi beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun