Ruth Gonzalez: «Ez datoz 7 mediku gehiago, interinoek betetzen dituzten 7 lanpostu orain jabetzan esleituko dira, bertzerik ez»

Ttipi-Ttapa 2022ko api. 13a, 19:30

Ruth Gonzalez Santo Tomás, Bortzirietako Osasun Eremuko zuzendaria.

Astelehenean Txibite lehendakaria Baztan-Bidasoko alkateekin Bertizen batzartu zenean «eskualdera zazpi mediku gehiago etorriko direla» iragarri zuen. Bada, baieztapen hori gezurtatu egin du Ruth Gonzalezek, Bortzirietako Osasun Eremuko zuzendariak.

«Guk ez dugu inolako diferentziarik sumatuko»

Halaxe dio Bortzirietako osasun eremuko zuzendariak. Gonzalezek TTIPI-TTAPAri adierazi dioenez, «gure eskualdera ez datoz 7 mediku gehiago, interinoek betetzen dituzten 7 lanpostu orain jabetzan esleituko dira, bertzerik ez». Eta Gonzalezek iritzian egoera berri horrek, gainera, «ez du segurtatuko lanpostua jabetzan hartuko duten profesional horiek hemen gelditzeko asmoarekin etorriko direnik. Litekeena da –dio Gonzalezek– urte bat pasatu eta gero mediku horrek lekualdatze bat eskatzea, eta hemen lehengo egoeran egotea berriz ere».

Beran, egun erdirako pediatra lanpostuak bete gabe segitzen du

Bete gabe segitzen du, oraingoz, egun erdirako pediatra lanpostuak. Txibiteren gobernuak «hainbat hobekuntza agindu zituen» dio Gonzalezek, baina «denbora badoa eta egoerak ez du hobera egin».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun