Ekitaldi horretan, eskualdeko alkateak eta udal-ordezkariak ere joan dira, eta Baztan, Malerreka eta Bortziriak eskualdeetan egiten ari diren jarduera nagusiak berrikusi ditu, Jose Mari Aierdi presidenteorde eta Lurralde Antolaketa, kontseilariarekin batera. Horien artean, N-121-A errepidea Oronoz-Sunbillako eta Sunbilla-Endarlatsa tarteetan 2+1 bide bihurtzeko lanak aipatu zituen, baita Oronozko Lanbide Heziketa zentro berria, eskualdeko osasun zentroetara zazpi mediku berri etorriko direla eta Beran errentan emateko eraikitzen ari diren zortzi babes ofizialeko etxebizitzen promozioa ere.
Belate eta Almandozko tuneletarako 176 milioi
Belate eta Almandozko tunelak bikoizteko 176 milioi euroko inbertsioa aurreikusia du Nafarroako Gobernuak: 90,4 milioi Belateko tunel berrirako, 19,5 milioi tunel arteko zatirako, 43,3 milioi Almandozko tunel berrirako eta 22,6 milioi gaur egungo tunelak egokitzeko.
N-121-A errepidea 2+1 bihurtzeko lanen barrenean, Oronoz eta Sunbilla arteko zatirako 13 milioi euro inbertituko dituzte aurten, Espainiako Aurrekontu Orokorretatik etorriko direnak. Joan den urte hondarrean hasi ziren lan hauek eta 2023 urte erditsurako bukatzea espero dute. Bi biribilgune eginen dituzte Oronozen eta Donezteben eta Sunbillara sartzeko eta ateratzeko pasabidea bertze altuera batean eginen dute. Jakina denez, Sunbilla eta Endarlatsa bitarteko zatia egokitzeko 30 milioi euro bideratuko dituzte, hasieran aurreikusiak zeuden 15 milioi euroen bikoitza.
Oronozko Lanbide Heziketa ikastetxe berria
Hezkuntzari dagokionez, Maria Txibitek eskualdeko Lanbide Heziketa berrantolatzeko beharra azpimarratu du. Gaur egun, Berako Toki Ona BHIren eta Elizondoko LHIren artean dago. Hala, Nafarroako Gobernuak 22 milioi euro erabiliko ditu Oronozen LHko zentro bakarra eraiki eta ekipatzeko, «prestakuntza-eskaintza hobe planifikatzeko, inguruko beharrak kontuan hartuta».
Txibitek adierazi duenez, «gaur egun Nafarroan martxan dauden hezkuntza azpiegituretako inbertsio handienetako bat» den zentro honen lizitazioa hilabete honen amaierarako dago aurreikusita. Bertan zazpi lanbide arlo eta hamabi heziketa ziklo eskainiko dituzte, Lanbide Heziketako etapa guztiak biltzen dituztenak.
Zazpi mediku gehiago
Osasunari dagokionez, Txibitek inguruko osasun zentroetan zazpi mediku sartuko direla iragarri du: lehen mailako arretako lau mediku, larrialdietako bi mediku eta pediatra bat Elizondon. Horrek «osasun-arreta hobea ekarriko du, plantilletan egonkortasun handiagoa baitago».
Era berean, presidenteak nabarmendu du Nafarroako iparraldeko osasun zentroen ebazpen-gaitasuna eta horrek alferrikako joan-etorriei aurrea hartzeko duen eragina. Osasun-zentro horietan gero eta ekografia eta kirurgia txiki gehiago egiten ari direla adierazi du, eta Doneztebeko osasun zentroko erretinografia eta erradiografia zerbitzua, Lesakako osasun zentroaren zaharberritzea eta Elizondoko larrialdi egoerei erantzuteko erizaintzako prestakuntza -programa aipatu ditu, bertzeak bertze.
Babes ofizialeko zortzi etxebizitza Beran, eskualdeko alokairuko lehen sustapen publikoa
Azpiegiturei dagokienez, naturguneak eta bide berdeak suspertzeko proiektuak aipatu ditu Txibitek; zehazki, Bidasoko Bide Berdea, Leurtzako urtegiak eta Zugarramurdiko leizeak. Proiektu horiei 100.000 euro eman zaizkie jarduera ttikiak egiteko, eta bertze 300.000 euro eraikin historikoak birgaitzeko, hala nola Igantziko Elizatea eta Amaiurko Ostatua.
Etxebizitzaren arloan, Beran Navarra Social Housing-en sustapen bat egiteko obrak aipatu zituen, babes ofizialeko zortzi etxebizitza eraikitzeko, 2,1 milioiko inbertsioarekin, «bailara honetan egiten den alokairuko lehen sustapen publikoa». Txibitek adierazi duenez, bertze batzuk hasi nahi dira, hala nola Iruritan babes ofizialeko 15 etxebizitzen sustapen bat.