22. Korrika

Korrika, hitzetatik ekintzetara egiteko

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 26a, 09:00

Martxoaren 31n Amurrion hasi, eta apirilaren 10ean Donostian bukatuko da Korrikaren hogeita bigarren edizioa. 'HitzEkin leloa izango du aurtengoak, «hitzetatik ekintzetara» igarotzea aldarrikatuko dute

Esperotakoa baina urtebete beranduago, badator Korrika. Martxoaren 31n Laudion hasi, eta apirilaren 10ean Donostiara iritsi bitartean Euskal Herriko zazpi lurralde, dozenaka eskualde eta ehunka herri gurutzatuko ditu euskararen aldeko lasterketa erraldoiak. HitzEkin izanen du leloa 22. edizioak, HitzEkin, hitzetatik ekintzetara igarotzeko aldarria egin nahi duelako aurtengoak. Hizkuntza bat hitzekin osatzen delako, baina, ekimenek eraikitzen dutelako hizkuntza baten komunitatea. «Euskarak aitzinera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, salto eginen dutenak». Halaxe aurkeztu du AEK-k aurtengoa.

Euskal Herria gurutzatzeko bidean, gure eskualdeko lurrak ere zapalduko ditu Korrikak. Apirilaren 5ean iritsiko da eskualdera, Baztanera. Baigorritik iritsiko da lekukoa Erratzun barna 05:55 aldera. Handik Arizkunera (06:15) joanen da eta gero Elizondora (06:47). Ziga (07:36), Berroeta (08:02) eta Almandoz (08:21) gibelean utzita, Ultzama aldera joanen da.

Korrikak eskualdean izango duen ordutegia.

Ondoko egunak eskualdetik kanpo eginen ditu Korrikak, baina apirilaren 9an, larun- batean, berriz ere bueltan izanen da. Gauerdian, Berastegitik Leitzara (00:35) sartuko da lekukoa. Handik Basakabin barna, Ezkurrara (01:53) joko du. Maldan beheiti lekukoak Zubieta (02:54) izanen du hurrengo helmuga, handik Doneztebe aldera (03:40) joateko. Sunbillara (04:06) joanen da gero, eta handik Bortzirietara sartuko da. Bortzirietan, Igantzi (05:07), Lesaka (05:40) eta Bera (06:17) zeharkatuko ditu Korrikak eta Ibardinen barna, Lapurdirako bidea hartuko du.

Urruñatik (07:11) eta Azkainetik (07:44) pasatu ondotik, Senperen (08:23) eta Saran (09:34) barna ibiliko da eta Zugarramurdi (10:40) utzita, Ainhoarako bidea eginen du. Ondoko orduetan Lapurdin izanen da eta apirilaren 10ean Gipuzkoara sartuko da. Egun horretan, 12:30 aldera buka- tuko da Donostian,eta bertan irakurriko dute eskuz esku ibiliko den lekuko barrenean egon den mezua.

Azken edizioko trap eta doinu urbanoak alde batera utzi, eta aurtengorako pop doinuen aldeko apustua egin du AEK-k. Sustrai Colinak egin ditu abestiaren hitzak, eta Nerea Urbizu arduratu da hitzei doinua jartzeaz. Urbizurekin batera, Ane Garcia eta Anarik abestu dute kanta; hiru belaunalditako hiru emakumeren ahotsek.

Prestaketa lanak

Hamaika egunetakoa izango da Korrikaren lekukoaren bidaia, baina, Korrika orduan ibili dadin, aitzinetik hilabetetako lan handia egin behar izaten da. Estebe Apezetxe etaHodei Buldainek ongi dakite zer den lan hori egitea, Baztan-Bidasoko Korrikaren arduraduna da lehena, Leitzaldekoa bigarrena, eta azken hilabeteak buru-belarri daramatzate egiteko horretan. Lan handia izanagatik, ordea, gogoz hartu dute Korrika antolatzeko ardura, eta iazkoa bertan behera utzi ondotik, «inoiz baino ilusio gehiagorekin» ari dira egiteko horretan.

Hamaika egunez eskurik eskura ibiliko da Korrikaren lekukoa.

Antolatzaileak ez ezik, herritarrak ere Korrika heltzeko gogoz sumatu dituzte biek, eta orain artean jasotako laguntzarekin pozik dira. «Aurtengo Korrika Batzordeen erantzuna ikaragarria izan da bertze behin ere, hunkigarria. Gero eta indibidualistagoak garen honetan, eskertzekoa da bere denbora librea trukean deus ere eskatu gabe ematen duen jendea egotea», azaldu du Apezetxek. Buldain bera ere «pozik eta eskertuta» dago jendeak emandako erantzunarekin, eta batez ere antolaketa lanetan duen lehen urtea denez, herritarrek eta euskalgintzako kideek eskainitako laguntzarekin. Kontatu duenez, Leitzako Batzordean denetariko jendea aurkitu du: «Aurreko urteetan batzordean ibilitako jendearekin aritu gara lanean aurten ere: langileak, gazteak, gurasoak, eta denak oso prest egon dira laguntzeko».

Hodei Buldain Larraungo AEK-ko kidea, eta Estebe Apezetxe Baztango AEK-koa.

Ilusioa eragiten duen ekitaldia da Korrika, eta bien ustez beharrezkoa zen azken bi urteen ondotik horrelako ekitaldi bat antolatzea. Apezetxeren hitzetan, gainera «pandemiarekin euskara bigarren mailan gelditu da erakundeetan eta euskalgintza ere ez dago momenturik onenean». Horregatik inoiz baino beharrezkoagotzat du Korrikak «beti sortzen duen ilusioa». Korrikak euskararen ikusgarritasunean duen eragin positiboa nabarmendu du Buldainek: «Euskaltegiari eta euskarari ikusgarritasuna ematen dio, eta balio du euskaltegian ere ohiko normaltasunera itzultzen laguntzeko azken bi urteetan ondotik».

Korrika, AEK-aren sustengu garrantzitsua
Ezin da aipatu gabe utzi gainera, Korrikak finantzatzen duela hein batean AEK-ren jarduna, eta azken bi urteetan egin ahal ez izateak ere eragin ekonomikoa izan duela erakundearen nantza egoeran. Hori nabarmendu nahi izan du Baztan-Bidasoko arduradunak: «Gure aurrekontuen parte garrantzitsua da eta hala izaten segituko du instituzioek euskararen ikaskuntzaren aldeko apustu sendoa egiten ez duten arte, hitzetatik ekintzetara pasatzen ez diren arte».

«EUSKARARI IKUSGARRITASUNA EMATEN DIO KORRIKAK»

Hodei Buldain, Larraungo AEK

Korrika igaro aitzinetik egin beharreko lanik garrantzitsuenetako bat izaten da kilometroen salmentarena, izan ere Korrikak bidea egiten badu, hori kilometroak erosten dituzten herritar, erakunde, eta elkarteei esker izaten da. Aurtengoan ere kilometroen salmenta martxa onean doa eskualdean. Hala kontatu dute Buldainek eta Apezetxek. «Erantzun oso positiboa jaso dugu urtero kilometroak erosten dituzten jendearen partetik: Eskola, udala, Sarrioko langileak, herriko koadrila batzuk....», nabarmendu du Buldainek. Apezetxeren hitzetan ere erantzuna «ona» izan da. Aurten, gainera, inoiz baino kilometro gehiago eginen ditu Korrikak eskualdean eta, tartean inoiz ibili gabeko bideetatik ere igaroko da, Zugarramurdi eta Urdazubi inguruan, erraterako. «Bortzirietako kilometro guztiak salduak daude, eta Xareta eta Malerrekan ere akitzen ari dira. Baztanen, kilometro aunitz izaki, gehiago kostatzen ari da; eta ohikoak diren erosleez gain talde berriengana jotzen ari gara». Horregatik, bertan kilometroren bat erosteko interesa duen orori Baztango euskaltegiarekin harremanetan jartzeko eskatu dio.

«IKARAGARRIA IZAN DA KORRIKA BATZORDEEN ERANTZUNA»

Estebe Apezetxe,  Baztango AEK

Kilometroak saltzea, Korrika Batzordeak antolatzea, Korrika Kulturaleko ekitaldiak antolatuta eta kudeatzea... Denetariko lana egitea egokitzenzaie biei. Apezetxek kontatu duenez «enbor nagusia lasterketa bera den arren, adar aunitz ditu Korrikak eta mugitzen duena ikaragarria da». Orain, Korrikarako egun gutxiren faltan, Korrika kulturalaren ekitaldiak antolatzeko lanetan murgilduta daude, korrika iristen denerako giroa berotu dadin. Hala, eskualdean bat baino gehiago izanen dira Korrikaren bueltan eginen dituzten ekitaldi kulturalak. Hautsi da Anphora ikuskizuna izan zuten Senperen, Nekatutak bakarrizketa Iruritan Korrika besta Baztanen, Miñan liburuaren aurkezpena Zugarramurdin.... Hala ere, oraindik izanen dira ekitaldi gehiago ere Korrika Kulturalaren barrenean. Martxoaren 31n aurtengo ediziorako espresuki prestatutako Uhinak dokumentalaren emanaldia izanen da Leitzako Herri Aretoan. eta ondotik Korrikak Leitzan utzitako irudiak erakutsi dituzte.

Zugarramurdin egindako 'Miñan' liburuaren aurkezpena.

Korrika, baina, ez hori soilik

Korrika Kulturalaz harago, lasterketa gure eskualdetik igaroko den egunetarako ere egitaraua antolatu dute eskualdeko hainbat herritan. Batzuetan, Korrika pasatu aitzinetik izanen dira ekitaldiak. Leitzan, adibidez, pintxo potea luzatu eta animazioa izanen da gaztetxean. Bertze herri batzuetan, aldiz, lasterka ondotik izanen dituzte ekintzak. Igantzin gosaria eta bertso bazkaria izanen dituzte, Beran, aldiz, Korrika Eguna antolatu dute eta bertso bazkaria, eta elektrotxaranga izanen dituzte. Horiek guztiekin batera, gainera, hainbat herritan Korrika Txikiak antolatu dituzte. Ekitaldi guzti horien informazio zehatza hurrengo aldizkarian irakurtzeko aukera izanen da.

Korrikak beraz, euskararen aldeko aldarria eta jai giroa uztartuko ditu berriz aurtengoan. Helburua argia du, ordea: hitzetatik ekintzetara igarotzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun