Dantxarinean istripu larri baten simulazioa eginez bukatu dute larrialdi kasuetarako dagoen HeliNET mugaz gaindiko koordinazio ariketa

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 22a, 17:30

HeliNET proiektuaren bidez, Akitania Berriko, Nafarroako eta Euskadiko Larrialdietarako Zentroek mugaz gaindiko lankidetza-sare bat antolatua dute. Gaur goizean, Dantxarinean, hiru administrazioetako Larrialdietarako Zentroen arteko erantzun eta koordinazioaren eraginkortasuna egiaztatzeko ariketa praktikoa egin dute.

Zer da HeliNET?

Batez ere muga eremuetan gerta litezkeen larrialdi, emergentzia, erreskate eta hondamendiko egoeretan elkarri laguntzeko misioak batera kudeatzeko sortu eta antolatu dute HeliNET, eta izenak iradokitzen duen bezala, eginkizun horietan helikopteroen erabilera bultzatzen dute.

Gaur goizeko simulazioaren nondik norakoak

Merkantzia arriskutsuak garraiatzen zituen kamioi baten eta autobus baten arteko istripu larri bat simulatu dute gaur goizean Dantxarinean. Itxurazko istripu larri horren ondorioz 4 hildako, 6 zauritu larri eta 10 zauritu arin erreskatatzea zen egin beharreko ariketa praktikoa.

Ariketan 65 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute, bai plangintzan, behaketan eta kudeaketan. Nafarroako Gobernuaren aldetik, Babes Zibileko teknikariak, Suhiltzaileak, Foruzaingoa, Ospitalez Kanpoko Larrialdi Zerbitzuko eta Lehen Mailako Arretako (Urdazubiko Osasun Zentroa) langileak, figuranteak (Nafarroako Osasun Eskola Teknikoaren itxurak eginez) eta boluntarioak aritu dira biktimei arreta emateko; Pirinio Atlantikoetatik eta Euskal Autonomia Erkidegotik, berriz, SAMU64A eta Osakidetzako Larrialdietako profesionalek hartu dute parte, hurrenez hurren.

Dantxarineko Venta Peio ondoko zelaian karpa bat paratu dute. Postu horretatik, osasun-langileek biktimak artatu dituzte, eta helikopteroz edo anbulantziaz ebakuatzeko prestatu dituzte.

Nafarroan bortz heliazalera prestatu dituzte

Iaz bortz heliazalera berri eraiki zituzten (Saldias, Lekunberri, Leitza, Larraintzar eta Izaba) eta bertze bi egokitu (Belagua eta Miluze). Euskal Autonomi Erkidegoan ere, heliazalera berri batzuk eraikitzen ari dira eta lehendik dauden bertze batzuk hobetzen. Pirinio Atlantikoei dagokienez, azkenik, hainbat kirol-zelai egokitu dituzte urrutiko argiztapen-ekipamendu, kamera eta estazio meteorologikoekin hornituak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun