Azken hilabetea «mobilizazioz beteriko hilabetea» izan dela azpimarratu zuten atzo Baztan-Bidasoko Pentsiodunek Beran egindako mobilizazioan. Horien artean, joan den larunbatean Bidasoko ospitaleko kirofano zerbitzuak bermatzeko eskatuz Irunen egindako manifestazioa aipatu zuten, pentsiodunen irudiko, «erantzun txukuna» izan zuelako eta «agerian gelditu delako jendearen nahia». Horrekin batera, ortziralean Iruñean osasungintza publikoa eta lan baldintzak hobetzea eskatuz egindako aldarriak «oihartzun zabala» izan zuela nabarmendu zuten, eta «Elizondon ortziralero bezala elkarretaratzea egin zen, lehen arreta eta lan baldintza duinak aldarrikatuz».
Baztan-Bidasoko pentsiodunen hitzetan, «heldu diren egunetan ere ez da hitzordu galtarik izanen»: «otsailaren 22an soldata berdintasunaren Europako eguna, 23an Nafarroako zahar etxeetako lan hitzarmena dela eta, greba eguna eta manifestazioa; 24an greba Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileak hitzarmen duin baten alde; 25ean Lehen Mailako Arretan lan baldintzak direla eta, EAEn greba; 26an manifestazioak Bilbon, Donostian eta Gasteizen; 28an bertze greba eguna».
Eskualdeko pentsiodunen mugimenduak dio horrek agerian uzten duela «borrokak eta mobilizazioek ez dutela gelditzerik» eta mobilizazio horietan «Pentsiodunen Mugimenduak esperoan egon behar du deitzeko edota atxikimendua emateko».
Horrekin batera, «diruaren banaketa justua» aldarrikatu zuten atzoko agerraldian, «horien artean, 1.080 eurora arteko pentsioa osatzea». Bankuen «diru gosea» ere salatu zuten, «zerbitzuak murriztu eta langileak prekarizatzen edo kaleratzen» ari direlako. Hori horrela, «banku publiko baten beharra» aipatu zuten.
«Ingurumenari lotutako zenbait gatazkaz» ere aritu ziren, tartean, «gure ingurukoez»: «Aroztegia, Erdiz... Arizkungo Milotxuritik gure atxikimendua eskatu digute, bertako harrobiaren proiektua dela eta».
«Denbora pasa ahala gaiak samurtu eta leundu beharrean kamusten eta areagotzen» ari direla uste dute Baztan-Bidasoko pentsiodunek, eta beraz, «lanean segitzeko arrazoi gehiago»: «Zaintza eta zerbitzu publikoak arriskuan daude. Sistemak bere horretan segituko du, eta administrazioek? Hor dugu koska. Ezin dugu onartu administrazioak diru morroi izatea. Lehenik pertsonak».