4.000 pertsona baino gehiago manifestatu ziren atzo Bidasoa Ospitaleko ebakuntza geletako proiektua alde batera uzteko eskatuz

Ttipi-Ttapa 2022ko ots. 20a, 10:00

Bortzerrietako alkateak atzoko manifestazioan

Irunen milaka pertsona manifestatu ziren atzo arratsaldean Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko proiektua geldiaraztea eskatzeko. Mobilizazioaren deialdia Osasun Bidasoa plataformak egina zuen, osasun arloko profesionalek eta kaltetutako udalerrietako (Irun, Hondarribia eta Bortzerrietako) elkarte eta entitateek osatzen duten plataformak. Guztira Bidasoko 39 elkartek egina zuten bat martxarekin.

Onkologikoko enpresa-batzordeak eta Irungo eta Bortzerrietako udalek ere, alkateak buru zirela, bat egin zuten atzoko martxarekin. Bidasoari errespetua, SOS kirofanoak eta Zumarragan, Mendaron, Arrasaten bai. Bidasoan Zergatik ez?  zioten testuak irakurri ahal izan ziren manifestariek eramandako pankarta eta karteletan.

Osakidetzaren aurreikuspenetan aldaketarik ez baldin bada gertatzen, Bidasoa Ospitaleko ebakuntza gelak berritzeko obrak maiatzean hasiko dira eta, gutienez, 18 hilabeteko iraupena izanen dute. Denbora tarte horretan, Ospitaleko jarduera kirurgikoa Donostiako Onkologikora eramanen da. Pazienteak eta senideak lekuz aldatzeak ekarriko duen nahasmenduaz gain, langile kirurgikoek hasieratik errefusatu dute erreforma hori.

Informazioa eta errespetua eskatu zuten

Atzo manifestazioaren ondotik irakurritako ohar batean, osasun langileek adierazi zuten Onkologikoaren baliabideak «ez direla nahikoak eta desegokiak direla gure pazienteei tratamendu egokia emateko», eta «onartezina» dela «Bidasoko ospitalean behar dutenei larrialdiko atentziorik ez ematea». Osasun langileek gatazka hasi zenetik erran dute Bidasoa Ospitaleko ebakuntza geletako espazioa txiki gelditu dela, eta eraikin berri bat eraikitzea eskatu dute.

Mariaje Alfonsok, ebakuntza gelako erizainak, «eskualde honetako herritarrentzat errespetua –eskatu zien Osakidetzako arduradunei– eskaerei erantzunak emateko eta okultismoz ez jokatzeko», funtsean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun