Koronabirusa

Otsailaren 14ra arte luzatu dituzte COVID-19aren kontrako neurri murriztaileak Nafarroan

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 28a, 18:30

Nafarroako Auzitegiak ontzat eman ditu Foru Gobernuak proposatutakoa eta otsailaren 14ra arte luzatuko dira herrialdean neurri murriztaileak. Neurri horien arabera, ostatuek eta dantzalekuek 01:00etatik 06:00etara itxi beharko dute, eta ziurtagiria zahar etxeetan, gimnasioetan eta hoteletan ere eskatuko da.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak uste du, Nafarroako Gobernuaren foru aginduan eta aurkeztutako txosten teknikoetan azaldutakoaren arabera, eta egindako guztia arretaz aztertu ondotik, «erabakitako neurriak beharrezkoak, proportzionatuak eta egokiak izaten segitzen dutela, egoera epidemiologikoa ikusita; izan ere, zenbait parametrotan hobera egin badu ere, bertze batzuetan lehendik zegoenaren antzeko egoeran segitzen du».
 

Neurri zehatzak

Foru Aginduak abenduko azken astetik indarrean dagoen Covid-19a geldiarazteko neurri gehienak mantentzen ditu.

Ostalaritzan eta jatetxeetan kontsumoa mahaian eserita eginen da beti, eta barrak kontsumizioa eskatzeko eta biltzeko bakarrik erabili ahal izanen dira. Tabureteak dituzten eta barrari itsatsita dauden mahaietan kontsumitu ahal izanen da. Gehienez ere bi pertsonendako izanen dira, eta 1,5 metroko distantziara egonen  dira haien artean; distantzia hori bera mantendu beharko da mahaien artean.

Halaber, mahaiek edo mahai multzoek ezin izanen dituzte hamar pertsona baino gehiago izan, eta pertsonen arteko 70 cm-ko segurtasun-tartea bermatuko da. Establezimenduen barnealdeak ixteko gehieneko ordutegia 01:00ak izanen da. Era berean, neurri horiek guztiak elkarte gastronomikoei, txokoei eta antzekoei aplikatuko zaizkie.

Bide publikoan, parke eta plazetan eta igarobide publikoko bertze leku batzuetan alkohola kontsumitzeko debekua indarrean dagoela gogorarazten da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun