Koronabirusa

Covid-aren kontrako prebentzio neurriak urtarrilaren 31ra arte luzatzea proposatu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 11a, 15:30

Santos Indurain, Nafarroako Osasun kontseilaria

Nafarroako Gobernuak Covid-19aren kontra indarrean dauden neurriak gutienez urtarrilaren 31ra arte luzatzeko oniritzia eskatu dio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari. Santos Indurain Osasun kontseilariak zehaztu duenez, oraingoz ez dute neurri gehiago hartzeko asmorik, baina aukera hori irekita utzi du. 

Neurri horien artean daude gaueko aisialdia 01:00etatik 06:00etara ixtea, barran kontsumitzeko debekua edo Covid pasaportearen erabilera zabaltzea.

Neurri berriei buruz, «gobernuak monitorizazio eta ebaluazio bat» eginen duela adierazi du Indurainek, «oraindik ikusteko baitago azkeneko besta egun hauen eragina». Kontseilariak azaldu duenez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari bidalitako foru agindua «beti dago irekita beste neurri batzuk hartu ahal izatera».

Duela hamabost egun hartu genituen neurriekin egoera epidemiologikoak ez duela «inflexionatu» zehaztu du kontseilariak, eta «intzidentzia-zifra izugarri altuekin» gaudela, «inoiz ezagutu ez ditugunak, hemen zein Europako bertze herrialdeetan». «Gure erkidegoan, intzidentzia horrek asistentzia sisteman inpaktu handia du, bai lehen arretan eta berdin ospitaleko arretan ere. Intzidentzia hain handia denez, koadro larrietan eragina izateak ospitaleratzeak eta zainketa intentsiboetako unitateak pixkanaka betetzea dakar, eta ziurrenik heriotzetan ere izanen du eragina», gaineratu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun