Uhinak dokumentalean Euskal Herriko bederatzi txokotako bederatzi herritarren testigantzak jaso dituzte. «Euskal Herriaren zain eta arteria grisetan barrena abiatu gara eta bederatzi ahots topatu ditugu bide bazterretan. Ahots hauei esker, bederatzi paisaia desberdin ezagutu ditugu: bederatzi errealitate linguistiko eta emozional. Hitzekin jolasteko gonbita egin diegu, eta elkarrekin ekiten jarraitzeko irrika jaso dugu bueltan».
Txakur Gorria sormen kolektiboa arduratu da dokumentalaren zuzendaritzaz eta gidoiaz, eta Lorea Agirrerena da Off ahotsa. Ortziralean estreinatuko dute Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian, eta ondotik Euskal Herriko hainbat txokotan ere emango dute. Aitzinerago zabalduko dute egitarau zehatza.