22. Korrika

Apirilaren 5ean eta 9an eskualdean izanen da Korrika

Ttipi-Ttapa 2022ko urt. 19a, 13:00

Euskararen aldeko lasterketa erraldoia martxoaren 31n aterako da Amurriotik eta Donostian bukatuko da apirilaren 10ean. Ikusi hemen behean herri bakoitzean zein egun eta ordutan igaroko den 22. Korrika

AEKk 22. Korrikaren ibilbidea ezagutzera eman du. Amurriotik abiatuko da martxoaren 31n eta hamaika egunez Euskal Herri osoan barna ibili ondotik Donostiara ailegatuko da apirilaren 10ean. HitzEkin lelopean eginen dute Korrika, «hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi eginen dutenak».

Gure eskualdetik apirilaren 5ean, asteartea, eta 9an, larunbata, pasatuko da. Ikusi hemen Korrikaren ibilbidea:

Apirilaren 5ean Baztanen

Asteartean ailegatuko da Korrika eskualdera Iparraldetik. Zuberoan emanen ditu lehenbiziko orduak eta Nafarroa Beherera joanen da hortik. Goizaldean Baigorritik Erratzurako bidea hartuko du eta 05:55 aldera ailegatzea espero dute. Arizkundik (06:15) Elizondora (06:47) joanen da eta Ziga (07:36), Berroeta (08:02) eta Almandoz (08:21) gibelean utzita Ultzama aldera joanen da.

Apirilaren 9an Leitzaldean, Malerrekan, Bortzerrietan eta Xaretan

Larunbatean berriz ere eskualdera bueltatuko da Korrika. Gauerdian Berastegitik Leitzara (00:35) sartuko da lekukoa. Handik Basakabin barna, Ezkurrara (01:53) joko du. Maldan beheiti lekukoak Zubieta (02:54) izanen du helmuga, handik Doneztebe aldera (03:40) joateko. Sunbillara (04:06) joanen da eta handik Bortzirietara sartuko da.

Bortzirietan, Igantzi (05:07), Lesaka (05:40) eta Bera (06:17) zeharkatuko ditu Korrikak eta Ibardinen barna, Lapurdirako bidea hartuko du.

Urruñatik (07:11) eta Azkainetik (07:44) pasatu ondotik, Senperen (08:23) eta Saran (09:34) barna ibiliko da eta Zugarramurdi (10:40) utzita, Ainhoarako bidea eginen du. Ondoko orduetan Lapurdin izanen da eta apirilaren 10ean Gipuzkoara sartuko da. Egun horretan, 22. Korrikaren lekukoa 12:30 aldera bere helmugan izanen dela aurreikusi du AEKk.

Korrika batzordeak martxan

Eskualdean Korrika batzordeak martxan paratzeko bilerak egiten hasiak dira. Aste honetan eta hurrengoan egitekoak dituzte lehenbizikoak. Malerrekako Korrika Batzordea urtarrilaren 25ean Donezteben bilduko da, Malerrekako Mankomunitatean 19:00etan. Bortzirietako Korrika Batzordea urtarrilaren 26an Beran elkartuko da, 18:00etan Beralandetan. Zugarramurdi-Urdazubiko Batzordearen bilera urtarrilaren 28an izanen da, Akelarrenean 19:00etan. Baztango Korrika Batzordeak otsailaren 2an eginen du bilera, Elizondoko Suinki euskaltegian 18:00etan.

Honez gain, kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun