Nafarroako Gobernuak gaur bidali du protokolo berria ikastetxeetara. Hezkuntza Sailaren arabera, «ikastetxeetan COVIDen aurkako prebentzio neurriak eraginkorrak dira, eta horri esker eutsi ahal izan zaio presentzialtasunari». Horrekin batera, «ikasgeletako transmisioa hagitz mugatua izan dela» eta «oro har, ikastetxeak ingurune seguruak direla» nabarmendu du. Gaineratu duenez, «egiaztatu da haurrek aunitzez ere arrisku ttikiagoa dutela COVID kasu larriak izateko. Bosgarren olatuan, 12 urtetik behitiko biztanleen azterketa epidemiologikoak erakutsi zuenez, diagnostikatutako kasuen % 99,5ek koadro arina izan zuten, % 50 inguru asintomatikoa». Hala ere, «transmisioa handia den egoeratan prebentzio neurriak indartzearen» aldeko apustua egin du.
Protokolo berrian ageri den aldaketetako bat, ikasgela bat konfinatzeko guttieneko positibo kopurua da. Azken zazpi egunetan edo guttiagoan bortz positibo edo gehiago direnean konfinatuko dute ikasgela eta konfinamendua zazpi egunekoa izanen da.