Txertaketak eta hirugarren dosiak gaixotasunaren forma larrienak, ospitaleratzeak eta heriotzak prebenitzeko duten garrantzia egiaztatu du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasuneko Institutuaren azken txostenak. Hala ere, txosten horrek azpimarratzen du beharrezkoa dela txertaketa bertze prebentzio-neurri batzuekin osatzea, hala nola musukoarekin eta pertsonen arteko distantzia fisikoarekin.
Azken zazpi egunetan Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia Laborategiak (HUN) egindako ausazko laginketen arabera, hautemandako kasuen % 86a Omikron aldaerakoak dira.
Hirugarren dosia hartu baino lehen infektatu direnak, noiz txertatzen ahal dira?
Berriki arte, lehendik hartu dituzten txertoak ARNm motakoak izanez gero (Pfizer/BioNTech edo Moderna) azken dosia hartu zutenetik 6 hilabeteak pasatuta noiznahi har zezaketen. Eta lehenik adenobirus-bektoreko txertoa izanez gero (AstraZeneca edo Janssen), kasu horretan 3 hilabetetik aitzinera. Orain, aldiz, txertaketa estrategia berriarekin Covid-arekin diagnostikatuak izan direnetik lau astera har daiteke hirugarren dosia.
Edozein kasutan, txertoa hartu nahi duenak norberaren Osasun Karpeta Pertsonalean sartuta tokia hautatu ahal izanen du (Donezteben edo Iruñean) eta, behin tokia hautatuta, eguna eta ordua hartzeko bidea emanen dio aplikazioak. Gainera, aplikazio horrek aukera emanen dio hitzorduaren baieztapena norberaren e-Postan hartzeko. Azkenik, hitzordua telefonoz ere hartu ahal izanen da 948 37 01 30 telefonora deituta.
Bi kasuetan beharrezkoa da eskura izatea Osasunbideko osasun txartela (zenbakia).