Koronabirusa

Positiboak detektatzeko protokoloa aldatu du Osasunbideak

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 29a, 10:00

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak positiboak detektatzeko eta kutsatutakoak bakartzeko protokoloa egokitu du. Hala, gaurtik aitzinera probak sintoma nabarmenak dituztenei eginen dizkiete eta  etxean egindako antigeno probek balio bera izanen dute.

Gainezka egin du Nafarroako osasun sistemak eta «egoera epidemiologikoa intzidentzia handikoa eta gero eta presio sanitario handiagokoa» dela ikusita, protokoloa egokitu du. Gaur, asteazkena, sartu da indarrean.

Gaurtik aitzinera,  diagnosi probak sintomak dituztenei eginen dizkiete, hau da, 38 gradutik goitiko sukarra hiru egunez segidan edota tarteka dutenei, arnasa hartzeko zailtasuna dutenei eta bat-bateko eztula dutenei. Haien kontatu estuen kasuan, asintomatikoak badira edo sintoma arinak badituzte ez diete PCR probarik eginen.

Positiboak txertatuak baldin badira, euren ohiko harremanak murriztu beharko dituzte, maskara momentu oro jantzi beharko dute eta zaurgarriekin kontaktua saihestu beharko dute. Txertatuak ez badira, berriz, hamar eguneko itxialdia egin beharko dute.

Aldaketak komunikazioan eta arreta sanitarioan

Protokolo berriarekin, sistema sanitarioan egindako probetan edo farmazietan salgai dauden probetan positibo ematen dutenak hartuko dituzte positibotzat. Proba farmazian eginez gero, emaitza Osasunbideari jakinarazi beharko diote, botikariaren bidez edo antigenosfarmacia@navarra.es helbidera idatzita.

Positibo izan direnek Osasunbidetik bi SMS mezu hartuko dituzte. Lehenbizikoan emaitza baieztatu beharko dute eta horrekin batera, zenbait jarraibide hartuko dituzte, eta kontakturako telefono bat ere bai. Bigarren SMS mezua kontaktu estuei bidaltzeko izanen da, haientzako jarraibideen berri emanez. Beraz, positibo emandakoek eurek arduratu beharko dute kontaktu estuei abisatzeaz.

Hortik aitzinera, positiboek euren prozesua jarraitu beharko dute eta euren osasun zentrotik eurekin harremanetan jarriko dira. Hala eskatuz gero, laneko baja tramitatuko diete. Osasun zentroak bere egoeraren jarraipena telefono bidez eginen du, «guttienez hasierako dei hori», eta «egoera larriagotuko balitz, jarraipen estuagoa eginen diote, behar izanez gero aurrez aurreko arreta emanez, edo hala badagokio ospitalera bideratuz». Sintomarik ez badute edo arinak badituzte, hamar egun pasatzean, ez du irteerako PCRrik beharko.

Kontatu estuen kasuan, ez dute eurekin harremanetan jarri arte esperoan egon beharko. Sintomak baldin badituzte proba egin beharko dute eta positibo baldin badira, positiboen prozedura egin beharko dute. Gainerakoan, sintomarik ez badute, txertatuak ez badaude hamar eguneko itxialdia egin beharko dute, eta itxialdia bukatuta, ondoko lau egunetan sintomak agertzen diren edo ez kontrolatu beharko dute. Txertatuak baldin badaude, berriz, aipatutako prebentzio neurriak «zorrotz» bete beharko dituzte. Hori bai, sintomaren bat agertuz gero, osasun sistemarekin harremanetan jarri beharko dute, proba egiteko. Edozein kasutan, ez dute ateratzeko PCRrik beharko.

Zalantzak argitzeko Osasunbideak bertze posta elektroniko hau ere jarri du erabilgarri: gestiondecontactos@navarra.es.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun