Gaur bidali du Nafarroako Gobernuak foru agindu berria auzitegira, eta auzitegiak onartzean sartuko da indarrean urtarrilaren 14ra arte.
Zabaldu eginen dituzte Covid ziurtagiria eskatuko duten eremuak. Hala hamabi urtetik gorakoei ondorengo eremuetan sartzeko eskatuko zaie ziurtagiria: diskotekak, kontzertu aretoak, jatetxeak, bingoak, alojamendu turistikoak (hotelak eta albergeak), kiroldegiak eta espazio itxietan zuzendutako kirol-jarduerak garatzen dituzten instalazioak, antolatutako lehiaketetako kirol-entrenamenduak izan ezik. Gainera, egoitzetan eta zentro soziosanitarioetan sartzeko ere beharko da ziurtagiria.
Ostalaritzan ere eragina izanen dute neurri berriek. Azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 2.200 kasu baino gehiago dituzten herrietan 01:00 eta 06:00 bitartean itxita egon beharko dira funtsezkoak ez diren zerbitzu guztiak, ostalaritza eta elkarte gastronomikoak kasu. Gainera barran kontsumitzea debekatuko da eta mahai bakoitzean gehienez hamar pertsona egoten ahalko dira eserita.
Kultura eta kirol jarduera jendetsuetan debekatuta egonen da jan-edatekoak saltzea, eta antolatzaileek protokoloak ezarri beharko dituzte jende pilaketak ekiditeko. Era berean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak txostena egin beharko du Gabonetako jardueretarako (kabalgatak, desfileak edo antzekoak eta ohiko San Silvestre lasterketak), baldin eta barruan 500 pertsona baino gehiago badaude eta kanpoan 1.000 baino gehiago.
Gune pribatuetan, aldiz, gehienez ere bi familia unitate eta hamar pertsona biltzeko gomendioa egiten du arauak.