COVID-19: Azken datuak

37 positibo atzeman zituzten atzo ere eskualdean, Nafarroa osoan 708

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 17a, 06:58

700 positibo baino gehiago atzeman zituzten atzo ere Nafarroan, eskualdean 37.

Bezperan bezala, atzo ere 37 positibo atzeman zituzten gure lurraldean: hamabi Baztanen, hamar Leitzaldean, sei Narbarten, bortz Bortzirietan eta lau Malarrekan. Nafarroa osoko datuei erreparatuta, berriz, atzo 708 positibo atzeman zituzten, bezperan baino 56 gehiago. Atzo, abenduak 16, zazpi pertsona ospitaleratu zituzten, ospitaleratuta zeudenetatik bat ZIUan sartu zuten eta bat hil egin zen.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, azkeneko datuen arabera 858 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 1.225 Elizondoko eremuan (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 765 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 1.602 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, abenduak 16, 4.670 proba egin zituzten eta horietatik 708k positibo eman zuten (% 15,2)

COVID-19ak jota, atzo, abenduak 16, zazpi pertsona ospitaleratu zituzten, ospitaleratuta zeudenetatik bat ZIUan sartu zuten eta bat hil egin zen. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 136 daude ospitalean, horietatik 23 ZIUetan.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, 99.027 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.266koa.
 
Nafarroan 1.174.707 txerto eman dituzte oraingoz. Atzo, abenduak 16, 7.838 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 533.403 pertsonek osatua dute txertaketa eta hirugarren dosia bertze 168.959 pertsonek hartu dute.

Zalantza txikienarekin antigeno testa egitera joan eta bigarren PCRa egiteko orduan ez hutsik egin

Helburua ahalik eta kutsadura gehien atzematea da, bereziki harreman sozialak eta familiarrak areagotzen diren garai hauetan. 

Gogoratu PCRko proba batean emaitza positiboa duten pertsonek beren kontaktu estuak Osasun karpeta pertsonalaren bidez adieraz ditzaketela, eta ez dutela aztarna-taldeak kontaktatu zain egon beharrik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun