Oronoz Mugairitik Sunbillara N-121-A errepidea 2+1 bide bihurtzeko lanak hasi dituzte gaur goizean. Maria Txibite Nafarroako presidenteak Donezteben ikusi du 21 milioi euroko inbertsioa duten lanen hasiera, batez ere bide hori eraldatzeko Estatuko Aurrekontu Orokorren esleipenaren bidez finantzatuta. Lehendakariarekin batera, Nafarroako Gobernuko Lurralde kohesiorako kontseilaria eta bertze hainbat agintari eta eskualdeko udal ordezkari batzuk egon dira ekitaldia, bertzeak bertze Joseba Otondo eta Florentino Goñi Baztango alkatea eta zinegotzia, Leire Ortuoste Doneztebeko alkatea, Andres Etxenike Bertizanako alkatea eta Paco Errandonea, Sunbillako alkatea. Hemezortzi hilabeteko epea izanen dute lana akitzeko.
Lanen xehetasunak
11,5 kilometroko tartea moldatuko dute Oronoz-Mugairin hasi eta Sunbillako Arrigaztelu tunelera bitarte. N-121-A errepideak N-121-B eta NA-1210 errepideekin duen loturan biribilgunea eginen dute. Doneztebe eta Sunbilla artean dagoen zerbitzugune ingurua ere (gasolindegia, ITV eta etxebizitzak) egokituko da eta biribilgunea eginen dute, sarrera-irteerak errazteko. Sunbillarako sarrera-irteerak ere egokituko dituzte biribilgune berri bat eginez.
Trafikoan eragina ahalik eta ttikiena izan dadin lanak faseka eginen dituzte. Oronoz-Mugairiko loturan hasiko dira, galtzadari eragiten ez dioten lanekin.