Zehaztu dutenez, «haurra gurasoetako edo tutoreren batekin baldin badoa txertatzera, nahikoa izanen da bere nortasuna egiaztatzea; bertze pertsona batekin baldin badoa, aitak, amak edo tutoreak sinatutako baimena aurkeztu beharko da».
Covid-19 txertaketarako lan-taldearen arabera, «haurren txertaketak gaixotasunaren eragina guttituko du kolektibo horretan, eta transmisioa murriztu dezake familian, ikastetxeetan eta komunitatean, eta populazio ahulenak babesten lagunduko du». Era berean, lan-taldearen arabera, txertoak % 90,7ko eraginkortasuna du COVID sintomatikoaren aurrean, eta, oro har, kontrako erreakzioak 16-25 urtekoen taldean hautemandakoak baino ttikiagoak dira.
Oraingo hau txertoen lehen bidalketa da eta kanpainaren hurrengo entregetan osatuko da. Haurren zitazioa, ahal dela, SMSak bidalita eginen dute —pixkanaka bidaliko dituzte aste hasieran—, eta arrisku handiko herritarrei telefonoz deituko diete.
Gomendioa: gaixotasuna pasatu badute, dosi bakarra
Gaixotasuna izan duten 5 eta 11 urte bitarteko haurrek, berrespen-data edozein dela ere, dosi bakar bat hartuko dute, infekzioa diagnostikatu edo sintomak hasi eta 4 astera. Lehenengo dosia hartu ondotik infekzioa pasatzen bada, indarberritu ondottik bigarren dosi batekin osatuko da txertaketa, eta infekzioaren 4 aste igaro ondotik, 8 asteko tartea utzi beharko da lehenengo dosiarekiko.
Gainera, datozen hilabeteetan 12 urte betetzen dituzten 11 urteko haurrek COVID-19aren aurkako txerto pediatrikoaren dosi bat hartuko dute. Lehen dositik bigarrenera 12 urte betetzen baldin baditu, azken hori helduen dosi bat izanen da (12 urtetik aurrera gomendatutakoa), eta 8 asteko epea izanen du bigarren dosirako.