COVID-19: Azken datuak

Atzo 46 positibo atzeman zituzten gure lurraldean, Nafarroa osoan 655

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 8a, 06:03

Atzo hamaika pertsona ospitaleratu zituzten eta ospitaleratuta zeudenetatik bat ZIUan sartu zuten.

Berriz goiti egin dute kopuruek, izugarri. Atzo 46 positibo atzeman zituzten gure lurraldean: hemezortzi Malerrekan, hamabi Baztanen, hamaika Bortzerrietan, lau Urdazubi-Zugarramurdin eta bat Goizuetan. Nafarroa osoko datuei erreparatuta, berriz, atzo 655 positibo atzeman zituzten, bezperan baino 240 gehiago. Atzo, abenduak 7, hamaika pertsona ospitaleratu zituzten, ospitaleratuta zeudenetatik bat ZIUan sartu zuten eta ez zen inor hil.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, azkeneko datuen arabera 813 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 1.158 Elizondoko eremuan (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 706 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 1.532 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, abenduak 7, 4.090 proba egin zituzten eta horietatik 655ek positibo eman zuten (% 16)

COVID-19ak jota, atzo, abenduak 7, hamaika pertsona ospitaleratu zituzten, ospitaleratuta zeudenetatik bat ZIUan sartu zuten eta ez zen inor hil. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 124 daude ospitalean, horietatik 18 ZIUan.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, 93.020 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.263koa.
 
Nafarroan 1.124.269 txerto eman dituzte oraingoz. Atzo, abenduak 7, 3.638 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 531.639 pertsonek osatua dute txertaketa eta hirugarren dosia bertze 123.785 pertsonek hartu dute.

Zalantza txikienarekin antigeno testa egitera joan eta bigarren PCRa egiteko orduan ez hutsik egin

Helburua ahalik eta kutsadura gehien atzematea da, bereziki harreman sozialak eta familiarrak areagotzen diren garai hauetan. 

Gogoratu PCRko proba batean emaitza positiboa duten pertsonek beren kontaktu estuak Osasun karpeta pertsonalaren bidez adieraz ditzaketela, eta ez dutela aztarna-taldeak kontaktatu zain egon beharrik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun