N-121-A

Oronoz-Mugairitik Sunbillara doan errepidea 2+1 bihurtzeko obrak abenduaren erdialdean hasiko dituzte

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 7a, 18:00
Irudian Oronoz-Mugairin eginen duten biribilgune berriaren planoa.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak abenduaren erdialdean hasiko ditu N-121-A errepidearen laugarren zatiko obrak, Oronoz-Mugairitik Sunbillara doan tarteari dagozkionak. Aurreikuspenen arabera, 21 milioi euroko inbertsioa eginen dute (BEZa barne). Gaur iragarri dutenez, abendu erdialdera hasiko dituzte lanak eta 18 hilabeteko iraupena izanen dute.

Lanak Obras Especiales, Edificación e Infraestructuras SAU enpresari esleitu dizkiote. Osotara 11,5 kilometroko ibilbidea da, Oronoz-Mugairin N-121-A eta N-121-B errepideen arteko bidegurutzean hasi eta Arrigazteluko tunelaren hegoaldeko ahoraino.

N-121-A errepidearen laugarren zati horretan, bi biribilgune berri eraikiko dituzte: bat Oronoz-Mugairin (planoan ageri dena) N-121-A errepidea eta N-121-B errepidea lotuko dituena, eta bertzea Donezteben, IAT dagoen tokian. Era berean, 2+1 proiektu honetan Sunbillara Doneztebe aldetik sartzeko sarbidea aurreikusita dute, jada onartua. Lotune berri hau azpiko biribilgune batekin eginen dute eta, gainetik, N-121-A errepidea pasatuko da.

Gogoratu behar da N-121-A errepidea 2+1 bihurtzeko lanak 5 zatitan aurreikusita dituztela, Ezkabako tunelean hasi eta Endarlatsako zubiraino. Lehen zatia (Ezkaba-Olabe) eraikitzen ari dira pasa den otsailaz geroztik eta bigarrena (Olabe-Lantz) apirilean hasi ziren egiten.

Ibilbidearen inguruko xehetasunak

11,5 kilometroko ibilbide berriak zati handi batean erdiko errei bat izanen du, txandakako tarteetan aurreratzeko erabiliko dena eta zirkulazioaren kontrako noranzkotik metalezko hesi batekin bereizia.

Oronoz-Mugairin, N-121-A errepidea N-121-B errepideko bidegurutzearekin eta NA-1210 errepidearekin lotzeko konexioak aldatu eginen dituzte biribilgune berri batekin.

Doneztebe eta Sunbilla artean, gasolindegia, IAT eta Sunbilla aldera dauden etxebizitzen sarbideak errazteko, biribilgune berri bat eginen dute. Halaber, 49,1 puntu kilometroko biribilgune zatitua kenduko dute eta ezkerraldean zerbitzu-bide bat sortu, errepide nagusitik bereizita, hesi bertikal metaliko batekin, erdiko erdibitzailearen berdina, eta Sunbillatik Doneztebe aldeko irteerak, zerbitzu-eremuak eta hegoalderantz bi aldeetako etxebizitzek eragindako mugimenduak hartuko ditu, eskuin aldekoek noranzkoaz aldatzeko aukera izanen baitute Sunbillako lotune berrian. Errepideak noranzko bakoitzerako errei bat izanen du, eta 2 metroko erdibitzaileak banatuko ditu, hesi metaliko batekin.

Sunbillan Doneztebe aldeko sarreran, oraingo biribilgune zatitua kenduko da eta 2012an onartutako lotune-proiektua gauzatuko da, gaurkotua, eta N-121-A errepideko gainerako 2+1 tipologiara egokitua. Altuera ezberdineko biribilgunea izanen da, kasu honetan N-121-A errepideko galtzadaren azpian, eta Sunbillarekin hegoaldeko konexioa egiteko aukera emanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun