N-121-A

Hildako bat eta lau zauritu Olaguen kamioi baten eta bi autoren artean gertatu den istripu larrian

Ttipi-Ttapa 2021ko abe. 4a, 13:50

Istripu larria gertatu da gaur eguerdian N-121-A errepidean Olaguen. Kamioi batek eta bi autok egin dute talka, kamioiak su hartu du eta pasabidea itxita gelditu da bi noranzkoetan. Foruzaingoa arduratu da trafikoaren antolaketaz eta istripuaren nondik norakoak argitzeaz. Jakitera eman dutenez, hildako bat eta lau zauritu, horietako hiru adingabeak, daude istripuaren ondorioz.

Hildakoa, 4x4 ibilgailuan zihoan

Hildako pertsona SUV motako 4x4 ibilgailu batean zihoan eta kamioiaren kontra egin du talka. Kamioia gurutzatuta gelditu da errepidean eta, ondorioz, bi erreietako pasabidea moztua. Kolpearekin trailerraren kabina hasi da erretzen eta gero sua erremolkera zabaldu da.

Suhiltzaileak arduratu dira hildakoaren gorpua ibilgailutik ateratzeaz, eta Nafarroako Auzitegi Medikuntzako eta Auzitegi Zientzietako Institutura eraman dute autopsia egiteko. Lau zaurituak, horietako hiru adingabeak, anbulantzietan eraman dituzte Nafarroako Ospitale Unibertsitariora hainbat lesiorekin.
 
 
 
 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun