COVID-19: Azken datuak

Atzo 37 positibo atzeman zituzten gure lurraldean, Nafarroa osoan 361

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 26a, 06:41

Nafarroa osoan 361 positibo atzeman zituzten atzo, horietatik 37 eskualdean.

Udazkeneko olatuak goiti segitzen du, eskualdean nahiz Nafarroa osoan. Atzo 37 positibo atzeman zituzten gure lurraldean: hamasei Bortzirietan, bederatzi Baztanen, bost Leitzaldea-Urumealdean, lau Zugarramurdin eta bi Sunbillan. Nafarroa osoko behin-behineko datuei erreparatuta, berriz, atzo 361 positibo atzeman zituzten, bezperan baino 22 gehiago eta aspaldiko hilabetetako kopururik altuena. Atzo, azaroak 25, sei pertsona ospitaleratu zituzten, ospitaleratuta zeudenetatik bat ZIUan sartu zuten eta ez zen inor hil.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, azkeneko datuen arabera 771 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 1.057 Elizondoko eremuan (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 662 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 1.378 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, azaroak 25, 4.091 proba egin zituzten eta horietatik 361ek positibo eman zuten (% 9,1)

COVID-19ak jota, atzo, azaroak 25, sei pertsona ospitaleratu zituzten, ospitaleratuta zeudenetatik bat ZIUan sartu zuten eta ez zen inor hil. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 81 daude ospitalean, horietatik 12 ZIUan.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, 87.740 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.260koa.
 
Nafarroan 1.085.782 txerto eman dituzte oraingoz. Atzo, azaroak 25, 2.920 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 529.613 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.

Zalantza txikienarekin antigeno testa egitera joan eta bigarren PCRa egiteko orduan ez hutsik egin

Helburua ahalik eta kutsadura gehien atzematea da, bereziki harreman sozialak eta familiarrak areagotzen diren garai hauetan. 

Gogoratu PCRko proba batean emaitza positiboa duten pertsonek beren kontaktu estuak Osasun karpeta pertsonalaren bidez adieraz ditzaketela, eta ez dutela aztarna-taldeak kontaktatu zain egon beharrik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun