N-121-A

Olabeko eta Arraizko Bentako saihesbideen proiektuak 400.000 euroan esleitu dituzte

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 23a, 07:30

Olabe, Arraizko Bentak eta Burutaingo saihesbideen proiektuak, N-121-A errepidean.

Olabeko eta Arraizko Bentako saihesbideen proiektuak 400.000 euroan (BEZ barne) esleitu ditu Nafarroako Gobernuak. Saihesbide horiei esker, gaur egun bi herri horietako herri-erdigunetik dabilen trafikoa urrundu ahal izanen da. Burutaingo saihesbidea eraikitzeko proiektuaren idazketa, ordea, hutsik gelditu da.

Gogoan izan behar da Olabeko saihesbideak, eremuaren topografia kontuan hartuta, 2 km inguruko luzera izanen duela eta herriaren mendebaldetik igaroko dela, Olaiz eta Olabeko herrien artean. Bertzalde, Arraizko Bentako saihesbidea herrigunearen mendebaldetik igaroko da. Burutaingo saihesbideak, aldiz, 1,5 kilometro inguruko luzera izanen du eta N-121-A errepidean orain duen trazaduraren mendebaldean eginen da.
 

Hutsik gelditu da ere Nafarroako 5 errepidetan kamioientzako ordainketa-sistema diseinatu eta ezartzeko lizitazioa

 
Burutaingo saihesbideko obren lizitazioarekin gertatu bezala, Nafarroako bortz errepide nagusietan (A-1, A-10, A-15, A-68 eta N-121-A) kamioientzako ordainketa-sistema bat diseinatzeko eta zehazteko zerbitzu-kontratua ere hutsik gelditu da eta berriz lizitatuko du Foru Gobernuak. Behin ordainketa-sistema diseinatu eta ezarri ondotik, etorkizunean sortuko den sozietate publiko baten bidez kudeatuko litzateke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun