Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak COVID ziurtagiria ezarri nahi du jatetxeetan, pubetan eta diskoteketan sartzeko datorren asteburutik hasita

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 19a, 07:00

Gobernuak asteak daramatza COVID ziurtagiri digitala derrigortu edo ez aztertzen eta, azkenean, gaur joko du Nafarroako Auzitegi Nagusira neurria ezartzeko babes juridikoaren bila. Ostalariek bi baldintza jarri dituzte Gobernuarekin egin duten bileran: ziurtagiri hori 50 plazatik gorako jatetxeetan soilik eskatzea eta diskoteketan gauerditik aitzinera. Gisa berean, ziurtagiria konprobatzeko aplikazio bat sortzea ere eskatu diote.

Pandemiaren hedapena gelditzeko asmoz, jatetxeetan eta gaueko aisialdiko establezimenduetan sartzeko COVID ziurtagiri digitala erakustea derrigorrezkoa izatea nahi du Nafarroako Gobernuak, eta horren berri emateko ostalerien ordezkariekin bildu zen atzo.  

Nacho Calvo Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Elkarteko idazkari nagusiak azaldu duenez, ostalarien sektoreak Gobernuarekin elkarlanean aritzeko prest dago, baina neurri hori ezarri aurretik hainbat aldaketa egitea eskatu dute.

Hasteko, ziurtagiria 50 pertsona baino gehiagorentzat tokia duten jatetxeetan bakarrik eskatu beharko litzatekeela adierazi dute, eta diskoteken kasuan, gauerditik aitzinera. Calvok zehaztu duenez, neurri honek ez luke eraginik izanen zerbitzua egunez ematen duten ostatuetan.

Bidenabar, ziurtagiria konprobatu ahal izateko aplikazio bat sortzea eskatzen dute ostalaritza elkartekoek, Katalunian egin duten bezala.

Bertzalde, legedia aldatzea ere proposatu dute, langileei txertoa jartzeko exijitu ahal izateko. «Bezero bati txertoa jarrita izatea exijitzen badiogu, ez da logikoa langile bati gauza bera ez eskatzea», erantsi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun