COVID-19: Azken datuak

Nafarroan 129 positibo atzeman zituzten atzo, horietatik zortzi gure lurraldean

Ttipi-Ttapa 2021ko aza. 10a, 06:13

Aspaldian ez zen ehun positiboren langara ailegatu Nafarroan eta atzo 129 izan ziren, horietatik zortzi eskualdean.

Atzo zortzi positibo atzeman zituzten gure lurraldean, sei Leitzan eta bana Elizondon eta Igantzin. Nafarroa osoko behin-behineko datuei erreparatuta, aldiz, atzo 129 positibo atzeman zituzten, aspaldiko kopururik handiena eta bezperan baino 50 gehiago. Atzo, azaroak 9, bortz pertsona ospitaleratu zituzten, ospitaleratuta zeudenetatik bat ZIUan sartu zuten eta gaixorik zegoen bat hil zen.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, atzo arte 742 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 1.008 Elizondoko eremuan (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 620 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 1.280 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, azaroak 9, 2.574 proba egin zituzten eta horietatik 129k positibo eman zuten (% 5,0)

COVID-19ak jota, atzo, azaroak 9, bortz pertsona ospitaleratu zituzten, ospitaleratuta zeudenetatik bat ZIUan sartu zuten eta gaixorik zegoen bat hil zen. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 32 daude ospitalean, horietatik 6 ZIUan.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, 84.131 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.252koa.
 
Nafarroan 1.036.688 txerto eman dituzte oraingoz. Atzo, azaroak 9, 4.083 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 527.219 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

12 urte edo gehiago dutenek online har dezakete hitzordua

12 urte edo gehiago dutenek Osasun Karpeta Pertsonalean sar daitezke eta hautatu zein toki, egun eta ordutan hartu nahi duten txertoa.

Zalantza txikienarekin antigeno testa egitera joan eta bigarren PCRa egiteko orduan ez hutsik egin

Helburua ahalik eta kutsadura gehien atzematea da, bereziki harreman sozialak eta familiarrak areagotzen diren garai hauetan. 

Gogoratu PCRko proba batean emaitza positiboa duten pertsonek beren kontaktu estuak Osasun karpeta pertsonalaren bidez adieraz ditzaketela, eta ez dutela aztarna-taldeak kontaktatu zain egon beharrik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun