Bortzirietan
Elixabet Elizalde Lesakako Osasun Zentroko erizain buruaren arabera, Bortzirietan gripearen aurkako txertoa Lesakako Osasun Zentroan eta Arantza, Bera, Etxalar eta Igantziko kontsultategietan hartzen ahalko dute herritarrek. 70 urte baino gehiago izanez gero, eta gripearena eta Covid-19arena biak paratu nahi izanez gero, berriz, Lesakako Osasun Zentrora jo beharko dute.
Baztanen
Iñaki Markos Elizondoko Osasun Zentroko zuzendariak TTIPI-TTAPAri baieztatu dionez, txertaketa Elizondoko Osasun Zentroan eginen dute.
Malerrekan
Aste honetan Doneztebeko Osasun Zentroan hasiko dira Malerrekako herritarrei gripearen kontrako txertoa paratzen. Heldu den astetik aitzinera, Doneztebeko Osasun Zentroan ez ezik, herrietako kontsultategietan ere ariko dira. Halaxe baieztatu dio Monika Martin Doneztebeko Osasun Zentroko zuzendariak TTIPI-TTAPAri.
Leitzaldea-Urumealdean
Leitzako Osasun Zentroan ere gripearen kontrako txertoaren kanpainarekin gaur hasteko asmoa dute, baina lerro hauek idazterakoan, osasun zentroan «txertoen zain» daudela adierazi diote TTIPI-TTAPAri. «Espero dugu gaur ailegatzea». Leitzako Osasun Zentroan ez ezik, Goizuetan ere txertoak paratuko dituzte.
Nori zuzendua?
Elixabet Elizalde Lesakako Osasun Zentroko erizain buruak hainbat ohar jakinarazi ditu. Bere hitzetan, «gripea prebenitzeko tresnarik eraginkorrena gripearen aurkako txertaketa» da. «Aitzineko neguan, Covid-19aren infekzioa eta ezarritako neurri murriztaileak eta prebentzio neurriak zirela eta, gripea ia 'desagertu' egin zen mundu osoan. Aurten agertokia bertzelakoa da: Covid-19ak eragindako egoera aldatu da, neurri murriztaileak erlaxatu dira eta ez daukagu gripearen birusaren aurkako berezko immunitaterik, iaz ez baikinen haren eraginpean egon». Gaineratu duenez, «zalantzazko egoera honetan, are garrantzitsuagoa da gripearen aurkako txertaketa».
60 urtetik goitikoei
60 eta 69 urte artean dituztenei gripearen aurkako txertoa paratuko diete, eta 65 urte dutenei, «nahi izanez gero, Neumokokoaren kontrako Neumokoko 23a txertoa paratuko diete». 70 urtetik goitikoen kasuan, berriz, gripearen kontrako txertoaz gain, Covid-19aren aurkako hirugarren zizta hartzen ahalko dute.
60 urtetik beheitikoei
60 urtetik beherakoen kasuan, «beti ere sei hilabetetik gora» baldin badituzte, eta «gripearen ondorioz konplikazioak izateko arrisku handia» baldin badute gripearen kontrako txertoa hartzeko gomendatu du Elizaldek:
- «Gaixotasun kroniko kardiobaskularrak, neurologikoak edo arnas eritasunak dituzten adin ttikikoak eta helduak, bronkio-biriketako displasia, fibrosi kistikoa eta asma barne».
- «Haurdun daudenak edo erditu ondotik baldin badaude».
- «Haurdunaldiko 32 aste baino guttiago duten sei hilabetetik bi urtera bitarteko adingabe goiztiarrak».
- «Sei hilabete eta 18 urte bitarteko adingabeak, azido azetil salizilikoarekin tratamendu kronikoa hartzen dutenak».
- «Luzaroan instituzionalizatutako pertsonak».
Konplikazioak izateko arrisku handia dutenei gripea transmititzen ahal dietenak
«Konplikazioak izateko arrisku handia dutenei gripea transmititzen ahal dietenen» kasuan ere, txertoaren aldeko aholkua eman du Lesakako Osasun Zentroko erizain buruak:
- «Eremu publikoko nahiz pribatuko osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetako langileak, baita farmaziako langileak eta zentro soziosanitarioetakoak ere».
- «Erakunde geriatrikoetan edo gaixo kronikoei laguntzeko zentroetan lan egiten duten pertsonak».
- «Osasun zentroetan eta zentro soziosanitarioetan praktikak egiten dituzten ikasleak».
- «Arrisku handiko pazienteekin edo adinekoekin etxez etxeko zaintzan aritzen direnak».
Bertze talde batzuk
Bertze talde batzuei ere luzatu die gomendioa Elizaldek.
- «Oinarrizko edo funtsezko zerbitzu publikoetan lan egiten duten pertsonak: segurtasun indarrak, suhiltzaileak, babes zibileko zerbitzuak, osasun larrialdietako zerbitzuetan lan egiten duten pertsonak, espetxeetako langileak eta etorkinak hartzeko zentroetako langileak».
- «Etxeko hegazti, txerri eta basa hegazti ustiategietan lan eta esposizio zuzena duten pertsonak».