Koronabirusa

Astelehenean hasiko dira gripearen txertoa eta COVIDaren kontrako dosi gehigarria jartzen 70 urtetik gorakoei

Ttipi-Ttapa 2021ko urr. 19a, 07:00

60 eta 69 urte bitartekoek gripearen aurkako txertoa bakarrik hartuko dute eta 70 urtetik gorakoek COVID-19aren kontrako dosi gehigarria ere hartuko dute. Hitzordua emateko prozesua aste honetan bertan hasiko du Osasunbideak.

Urriaren 25ean, astelehenean, hasiko da Nafarroan gripearen kontrako txertaketa kanpaina. Aurtengoan, bereizgarri gisa, COVID-19aren aurkako dosi gehigarri bat ere paratuko diete 70 urte eta gehiagokoei, bai eta arrisku handikotzat hartzen direnen pertsonei ere.
 
Hitzordua emateko prozesua aste honetan hasiko du Osasun Departamentuak. SMS mezua bidaliko die 60 urtetik gorakoei txanda hartzeko. Hasierako mezuak bidaltzeaz gain, kanpainak irauten duen bitartean, Osasun Departamentuak telefono deiak ere eginen ditu. Hala ere, norberak ere hitzordua eskatu ahal izanen du Internetez (citasalud.navarra.es web gunean), e-Postaz (citas.vacunacion@navarra.es) edota norbere Osasun Etxera telefonoz deituta.
 
Bertzalde, 70 urteko eta hortik gorakoei eta arrisku handiko pertsonei asteazken honetan, urriak 20, hasiko zaizkie SMSak bidaltzen. Zaharrenetatik hasiko dira, eta kanpaina aurrera doan neurrian, «bigarren aukerako» deiak eginen dizkiete txertoa hartzeko baldintzak betetzen dituzten eta hitzordurik hartu ez duten pertsonei. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun