Koronabirusa

Urrian landa eremuan txertoak paratzeko kanpaina indartuko duela iragarri du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 30a, 11:00

Gaurtik aitzinera «asteko egun bakoitzean landa eremu batera» joanen dela iragarri du Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak. Gure lurraldeari dagokionez, horrek erran nahi du egun batean Elizondora, bertzean Doneztebera, Leitzara eta Lesakara etorriko direla txertoak jartzera. Txertatu ez diren 12 urtetik goitikoei txertoa paratzea dute helburu eta hala, gaur Donezteben eta bihar Irurtzunen izanen dira.

Gaur hasita urrian txertatzeko aukera eman nahi die herritarrei Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak. Adierazi duenez, txertoa hartu ez dutenek telefono dei bat hartuko dute txertoa hartzeko aukeraren berri emanez. Gaur eta urriko ortzegunetan Doneztebera joanen dira eta bihar hasita urriko ortziraletan Irurtzunera. Doneztebeko txertaketa Lesaka, Elizondo eta Doneztebeko osasun eremuko herritarrei bideratua izanen da eta Irurtzungoa Leitza, Altsasu, Etxarri Aranaz eta Irurtzungo osasun eremuetako herritarrei. Nafarroako Gobernuak 09:00etatik 15:00etara txertoak paratzen ariko direla adierazi du oharrean. Doneztebeko Osasun Zentroak, ordea, 09:00etatik 14:00etara ariko direla jakinarazi du, eta hitzordua hartzea ez dela beharrezkoa izanen. 

Gobernuaren arabera, txertaketa dela eta, «Iruñeko merindadeko landa eremuetan 350 bat laguni jarraipena» egiten ari dira, «batzuk gaixotasuna pasatu dutelako eta bertzeek ez dietelako deiei erantzun. Horiei eskainiko diegu txertoa hartzeko aukera».

Bertzetik, jakinarazi duenez, aste honetan bukatuko dute zahar etxeetan dauden adinekoei dosi gehigarria emateko kanpaina. «Orain arte 5.000 dosi gehigarri paratu dira. Horrez gain, hagitz arrisku handia dutenei txerto gehigarri hori paratzen segituko dugu». Nafarroan «12 urtetik goitiko herritarren % 88,4k txertoaren pauta osoa» hartu duela adierazi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun