1936ko kolpe militarraren ondorioz erbesteratu ziren errepublikarrak omendu dituzte Elizondon

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2021ko ira. 19a, 19:00

Ezkerretik eskuinera Otondo Baztango alkatea, Uhalde Parlamentuko presidentea eta Txibite Nafarroako lehendakaria.

Nafarroako Lehendakaria, Maria Txibite, Nafarroako erbesteratze errepublikarra (1.400 pertsona inguru) Omentzeko ekitaldi jendetsuaren buru izan da gaur goizean Elizondon egin dute ekitaldi instituzionalean. Txibitek «1936ko kolpe militarraren ondotik Nafarroa utzi behar izan zutenen memoriarekin Gobernuak duen konpromisoa» azpimarratu du. 'Babesaren muga' eskulturaren aitzinean egin duten lore eskaintzarekin eman diote akabera ekitaldiari.

Ekitaldia hasteko, Otondo alkateak egia, justizia eta erreparazioa eskatu ditu frankismoaren biktimentzat. Elizondon egin duten oroimenerako toki hau, «arras berandu dator, 40 urte berandu» erran du, eta ihes egin zuten eta laguntza-sareetan parte hartu zuten ehunka pertsonen oroimenerako tokia izan behar duela nabarmendu du, frankismokoaren gisako «fartsak eta tragediak saihesteko» balio behar duela.

Maria Txibite Lehendakaria izan da omenaldiaren buru, Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko presidentearekin eta Joseba Otondo Baztango alkatearekin batera. Omenaldia lore-eskaintza batekin eta ohorezko aurreskuarekin akitu da.

Txibitek bere itzaldian, «1936ko kolpe militarraren ondotik Nafarroatik alde egin behar izan zutenak gogoratzeko Nafarroako Gobernuak duen konpromisoa» azpimarratu du Txibitek. «Alde egite horren arrazoiak –erran du Lehendakariak– Errepublikako gobernu legitimoarekiko konpromisoarekin eta leialtasunarekin lotuta egon ziren kasu gehienetan eta, ia kasu guztietan, norberaren eta familiaren segurtasun-arrazoiak ere egon ziren».

Maria Txibitek hitz batzuk erran dizkie erbesteratuen senitartekoei eta omenaldira joandakoei: «gaur hemen zaudetenek aski ongi ezagutzen duzue esperientzia traumatiko eta gogor horren xehetasunak, presaka ihes egin behar izanaren garraztasuna, erbesteratzearen izugarrikeriak, jazarpenak, bonbardaketak…». Era berean, Lehendakariak aipatu nahi izan ditu itzultzea eta «diktadura frankistaren arriskuak eta balizko errepresaliak» beren gain hartzea erabaki zutenak eta itzultzerik izan ez zutenak. Nafarroak zor bat du erbestealdi errepublikarrarekin, urte askoan bizkarra eman baitzion eta ahanzturaren ankerkerian baztertu baitzitzaizuen».

Horrez gain, Txibite Lehendakariak azpimarratu du «iraganeko indarkeria bidegabeari kritikoki begiratu behar zaiola eta horretatik ikasi behar dela egunetik egunera gizarte bidezkoago eta pluralago bat eraikitzeko eta guztion artean ezberdinen arteko bizikidetza lantzeko».

Unai Uhaldek azaldu duenez, Elizondon egin duten aitortza hori Nafarroako erakundeek bilatzen duten konponketaren parte da. Horren harira, gertatutakoa gogoratzea «betebehar etiko, politiko, instituzional eta soziala» dela erran du, «isiltasun mantu baten» eta «urte gehiegi iraun duen ahanztura baten» ondotik, «guztiok etxean senti gaitezen».

Omenaldian Sara Soriano Goikoetxeak, Ana Araujo Uhaldek eta Mari Carmen Yarnozek ere hartu dute parte, erbesteratutakoen senide gisa.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun