Errepidean animalia bat harrapatzea eta ondorioz trafiko istripu bat izatea edozein tokitan gerta daiteke, baita karrikaren erdian ere, berdin gauez edo egun argitan. Bidera animalia bat agertzen baldin bazaigu eta zirkulazio-istripua eragiten badu, ezinbertzekoa da animaliak jaberik ba ote duen jakitea, kasu horretan jabearen erantzukizuna izanen baita. Gainerakoan, animaliak ez badu jaberik, egoera korapilatu egiten da.
Zure autoko aseguruak estaltzen ote du animaliekin izandako istripuaren kalteak?
2017an arau berri bat sartu zen indarrean eta, kasu gehienetan, gidariaren bizkar geldituko da istripuaren erantzukizuna. Beraz, argi izan zure aseguruan arrisku hori ez badago sartua, zuk ordaindu beharko dituzula gastuak. Eta aseguruaren polizan arrisku hori sartuta baldin baduzu, kasu horretan aseguruak ordainduko ditu kalteak.
Aseguru etxeek, normalki, basa-animaliekin izandako istripuen estaldura kontuan hartzen dute, oinarrizko polizen aukerako berme gisa, eta ez da beharrezkoa arrisku orotako asegururik izatea. Edozein kasutan, horrelako istripu batean 112ra deitu behar da Foruzaingoaren atestatua izatea funtsezkoa baita aseguru etxeari aurkeztu ahal izateko.
Zernahi dela, komeni da ziurtatzea autoaren polizan arrisku hori sartuta dagoela. Gainera, konpainia batzuek arriskuaren estaldura baserriko edo etxeko gainerako animalientzat ere zabaltzen dute, eta, hala egokituz gero, aseguru etxeak erreklama dezake animaliaren jabearen aurka. Istripua etxeko edo baserriko animalia batekin gertatzen bada, aseguruak jabeari dagokion kalte-ordaina eskatuko dio.
Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.