Zer egin errepidean animalia batekin topo eginez gero?

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 5a, 13:00

Ilustrazioa Seguridad Vial aldizkaritik hartua eta testuak Ttipi-Ttapak euskaratuak

Errepidean goazela bat-batean animalia bat aurkitzen dugunean, bi joera nagusitzen omen dira: bolante-kolpe bat eman eta animalia saihesten saiatzea edo, bertzenaz, zuzenean animalia kolpatzea. Eta, zer da hoberena? Zer egin beharko genuke?

Jorge Castellanos RACEko Bide Segurtasuneko buruaren ustez, gizakion senak animalia biziduna saihestera eramanen gaitu. Baina erreakzio horren ondorioz, «kontrako erreian sartu eta parez-pare datorren bertze ibilgailu batekin istripu bat izan dezakegu, edo bidetik atera eta zerbaiten kontra jo, edo gerta liteke, bolante-kolpearen ondorioz autoa iraultzea ere». RACEk egindako ikerketa batean, horrelako egoera bat bizitu duten gidariei galdetu ondotik zera ikusi dute: kasuen %23ak larrialdiko geldialdia egitea erabaki zuen, %50ak bolante-kolpe bat eman zuen eta %24a kontrako erreian sartu zen.

Castellanosen arabera, jokabiderik onena «bolante-kolperik ez ematea da, goazen erreian segitzea mugimendu zakarrik egin gabe, eta kolpea jo baino lehen ahalik eta gehien frenatzea».

Seguridad Vial aldizkariaren gomendioak:

  • Ez eman bolante-kolperik eta ez egin mugimendu zakarrik.
  • Frenatu indarrez 90 km/orduko baino gutiagora joanez gero, eta saiatu animalia ez kolpatzen aurrez aurre. Abiadura handiagoan joanez gero, frenatu pixkanaka.
  • Kolpatu baino lehen, altxatu oina frenotik autoaren muturra altxatzeko eta animaliak kristalaren kontra ez jotzeko.
  • Begirada autoa eraman nahi duzun tokira bideratu, eta ez begiratu animaliari.
  • Kolpearen ondotik:
  • gelditu autoa toki seguruan, galtzadatik kanpo.
  • Jantzi txaleko islatzailea, eta piztu larrialdietako argiak.
  • Seinaleztatu istripua larrialdietako triangeluekin. Ez hurbildu animaliarengana, zauritua egon daiteke eta arriskutsua izan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun