COVID-19: Azken datuak

Bortz positibo atzeman zituzten atzo eskualdean: hiru Donezteben eta bana Beran eta Oronozen

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 7a, 06:45

Leitzaldekoek txertoa hartzeko aukera dute irailaren 8an Altsasuko Burunda pilotalekuan eta irailaren 21ean Bidasoaldekoek Donezteben kiroldegian.

Atzo bortz positibo atzeman zituzten gure lurraldeko herrietan: hiru Malerrekan eta bana Baztanen eta Bortzirietan. Nafarroa osoko datuei erreparatuta, atzo 70 positibo atzeman zituzten. Atzo, irailak 6, bi pertsona ospitaleratu zituzten, ez zuten inor ZIUan sartu, eta ez zen inor hil.

Gure lurraldean pandemiaren hasieratik metatutako positiboak errepasatuz gero, atzo arte 718 dira Doneztebeko osasun eremuan (Malerreka+Bertizarana) atzeman dituztenak, 992 Elizondoko eremuan  (Baztan+Urdazubi+Zugarramurdi), 588 Leitzako eremuan (Arano+Areso+Goizueta+Leitza) eta 1.240 Bortzirietan.

Nafarroa osoko datuei dagokionez, atzo, irailak 6, 1.324 proba egin zituzten eta horietatik 70 positibo eman zuten (% 5,3)

COVID-19ak jota, atzo, irailak 6, bi pertsona ospitaleratu zituzten, ez zuten inor ZIUan sartu, eta ez zen inor hil. Alta eta bajen balantzea egin ondotik, orain 69 daude ospitalean, horietatik 22 ZIUan.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatuari dagokionez, herenegungo kasuak kontatuta 81.864 pertsonakoa da, eta heriotza kopurua 1.231koa.
 
Nafarroan 944.952 txerto eman dituzte herenegun arte. Atzo, irailak 6, 1.144 txerto paratu zituzten eta, oraingoz, 489.750 pertsonek hartu dituzte bi dosiak.
 

12 urte edo gehiago dutenek online har dezakete hitzordua

12 urte edo gehiago dutenek Osasun Karpeta Pertsonalean sar daitezke eta hautatu zein toki, egun eta ordutan hartu nahi duten txertoa.

Zalantza txikienarekin antigeno testa egitera joan eta bigarren PCRa egiteko orduan ez hutsik egin

Helburua ahalik eta kutsadura gehien atzematea da, bereziki harreman sozialak eta familiarrak areagotzen diren garai hauetan. 

Gogoratu PCRko proba batean emaitza positiboa duten pertsonek beren kontaktu estuak Osasun karpeta pertsonalaren bidez adieraz ditzaketela, eta ez dutela aztarna-taldeak kontaktatu zain egon beharrik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun