Virginia Garcia eta Cristina Pascal

«Zoritxarrez lan arriskuen prebentziorako neurriak ez dira beti betetzen»

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 5a, 08:00

Langile bat hil eta hiru zauritu ziren 2015eko azaroaren 25ean Dantxarinean gertatu zen istripuan. Francisco Varela

«Estalkietako lanak oso arriskutsuak dira eta ez dira planifikaziorik gabe egin behar». Argi diote hori Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan Lan Arriskuen Prebentzio Saileko buru den Virginia Garciak eta alor bereko teknikari den Cristina Pascalek. Mezu hori bera helarazi nahi izan dute Ibil zaitez arriskurik gabe kanpainaren bidez. Teilatuko mantentze edo eraikitze lanetan ari direnei lan horiek berarekin dakarten arriskuaz ohartaraztearekin batera,  enpresak eta langileak kontzientziatu nahi dituzte, horiek saihesteko eta «horrelako ezbeharretan izan diren hildako eta zaurituen kopurua murrizteko».

Zenbat istripu gertatu dira teilatuetako lanetan 2010az geroztik?

2010etik 2020ra bitarte 238 istripu gertatu dira langileen erorikoen ondorioz eta hamabi lagun hil dira, horietatik bortz teilatutik erorita. 2017 eta 2020 artean eraikuntzaren alorrean hildakoen erdiak baino gehiago langileen erorikoen ondorio izan ziren. Gainera, istripu larrien eta arront larrien %30 ere erorikoen ondorio izan ziren, baita arin zauritutakoen %12 ere.

Azken hamarkadan urtero hil da langileren bat… Zifra altua da

Zifra altua da eta ez genuke horretara ohitu behar. Datuen gibelean goizean etxetik lanera joateko atera diren langileak daude, lan-istripuaren ondorioz hil eta etxera bueltatu ez direnak. Heriotza horiek saihets zitezkeen... 

Hildakoak ez ezik, zaurituak ere aunitz dira…

Bai eta kasu aunitzetan zaurituek bizitza osorako ezintasunak dituzte. Ondorioen larritasuna faktore aunitzek eragiten dute, langilearen adinak edo erorketa gertatzen den altuerak adibidez. Garrantzitsua da saihestea. 

Zer motatako istripuak izan dira gertatutakoak?

Istripu larri gehienak azalera hauskorrak hautsita gertatu dira. Batzuetan langileek ez dakite hauskorrak direnik eta bertze batzuetan estalkiaren erresistentziari buruzko zalantzak izan arren hortik pasatu beharrak eragiten du.  Babesteko ekipamendurik erabili gabe, habeak dauden tokietan hankak paratuz, estalkia haustea zailagoa dela pentsatuta gertatzen dira.

Zergatik gertatzen dira istripu hauek?

Orokorrean epe motzeko eta maiztasun gutxiko lanetan gertatu ohi dira. Planifikazioa ez da behar bezala egiten, eta batzuetan ez dira arriskuak identifikatzen, enpresaren arriskuen ebaluazioan ere ez dira jasotzen... Ondorioz, ez dira lanerako bitarteko eta babes neurri egokiak ematen eta horrek arriskuak izatea eragiten du.

Zer egin daiteke edo zer egin behar da gisa honetako istripuak saihesteko?

Ongi planifikatzeko egin beharreko lan bakoitza aztertu behar da. Horrekin batera, arriskuak identifikatu eta ebaluatu, lanerako ekipamenduak hautatu, horiek eskura dituztela ziurtatu eta egoera onean daudela eta erabiltzen direla baieztatu behar da. Azken batean, enpresek langileak lanean hasi aitzinetik egin beharreko arriskuen ebaluazioak horretarako balio du. 

Noren ardura izaten dira istripu hauek? 

Lan arriskuen prebentziorako legeak zehaztutakoaren arabera, langileen eskubidea da lan esparruan segurtasuna eta osasuna bermatzea eta, beraz, enpresak eskubide hori bete behar du. 

Zein neurri hartu behar izaten dituzte? 

Lan arriskuen prebentzioaren legean bildutakoak. Hasteko, arriskua saihestu behar da eta hori ez bada posible, identifikatu, ebaluatu eta neurriak hartu behar dira. Labur errateko, teilatuetako lanetan langileei beharrezko lan-tresna egokiak (aldamioak, plataformak, arnesak...) eman behar zaizkie, talde-babeserako neurriak (pasabideak, barandak, babes-sareak) hartu behar dira... 

Neurri horiek hartzen dira? 

Zoritxarrez, ez beti. 2017-2020 artean egindako kanpainan obretara 300 bisita egin ziren eta hutsune handiak ikusi ziren. Horrez gain, istripuen ikerketetan eta kontrol-bisita horietan ikusi dugu hutsegiteak aunitzetan babes neurrien gabeziagatik baino gehiago egokitasun edo kalitate faltagatik gertatzen direla. 

Zein mezu zabalduko zenukete? 

Batetik, langileek babes neurri eraginkorrak izateko eskubidea dutela nabarmendu behar da eta, beraz, ezin dugu onartu horrelako istripuak gertatzea. Bertzetik, estalkietako lanak arriskutsuak direla aipatuko genuke eta, beraz, babes eta prebentzio neurriak hartu behar direla. Eta, azkenik, planifikazioaren garrantzia azpimarratu nahi dugu, hori baita istripuak ez gertatzeko gakoa.

Erlazionatuak

Eraikitakoa eraisten denean

Ttipi-Ttapa 2021 ira 05 Bortziriak   Lesaka

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun